EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi du pisu turistikoen ordenantza baliogabea dela
Eneko Goia alkateak eta Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak presazko agerraldia egin dute gaur eguerdian, sententzia baten berri emateko. “Epaia ez da udalaren interesen eta nahiaren araberakoa”, adierazi du Goiak. EAEko Auzitegi Nagusiak udal gobernuak bultzaturiko Pisu Turistikoen Ordenantza baliogabea dela dio. Dena dela, epaia irmoa izan bitarte indarrean jarraituko du.
“Plan Orokorrak 8.4 artikuluan jartzen duen disposizioa bertan behera uzten du sententziak. Horrek ahalbidetzen zuen udala zenbait gai ordenantza bidez arautzea. Hain zuzen ere, bide hori erabili genuen etxebizitza turistikoen ordenantza sortzeko”, azaldu du Goiak. Ordea, auzitegiak ebatzi du Plan Orokorraren artikuluak ematen duen aukera horrek ez duela balio, eta beraz, artikulu horretatik sortzen diren erregulazio tresnak ere baliogabeak direla.
Udal gobernuak ez du bat egiten sententziarekin, baina aintzat hartu beharrekoa dela esan du alkateak. “Horrek suposatzen du momentu honetan erabakiak hartu beharko ditugula”. Horrela, udala helegiteak aurkezteko aukera aztertzen hasi da.
Plan Orokorraren aldaketa
Iazko abenduan, Donostiako epaitegi batek ebatzi zuen Pisu Turistikoen Ordenantza eta Plan Orokorra ez direla bateragarriak. “Ordenantzaren artikulu nagusia zuzenbide osoz baliogabea” dela adierazi zuen bi epairen bidez. Udal gobernuak, ordea, iragarri zuen Plan Orokorra aldatzeko prozedura abiatu zuela, besteak beste, lehen solairuko legea ezabatzeko.
Horren inguruan ere hitz egin du Goiak gaur goizeko agerraldian, eta udal gobernuaren helburua berretsi du. “Gure asmoa da gaur egun indarrean dugun etxebizitza turistikoen araudia Plan Orokorrera eramatea”. Era berean, bigarrenez azpimarratu du egungo ordenantzak indarrean jarraitzen duela sententzia irmoa izan arte.