Bederatzi danborrada dira emakumeak baztertzen dituztenak
San Sebastian egunean desfilatuko duten danborrada gehienak mistoak dira. Dena dela, pasa den urtetik hona ez da aldaketarik egon emakumeak onartzen ez dituzten danborraden partetik.
Hilaren 20an, helduen 152 danborrada aterako dira Donostiako kaleetara. Gehienak dira mistoak, baina iaz bezala bederatzi danborrada dira emakumerik onartzen ez dutenak: Amigos del Europa, Club Cantabrico, Catedral Centenario, Gizartea, Ondar Gain, Antonio taberna, Aizepe, Ollagorra eta Zubi Gain. Parte Zaharrekoak eta Erdialdekoak dira aipaturiko danborradak. Bestalde, emakumez soilik osaturiko danborrada bat aterako da: Emakumeen Etxearena.
Guztira, 19.004 pertsonak parte hartuko dute San Sebastian eguneko helduen danborradan. Horietatik, 10.884 dira gizonak (%57,28) eta 8.120 emakumeak (%44,72). Bien arteko aldea oso handia ez dirudien arren, desorekak daude parte hartze motari dagokionez. Izan ere, danborra jotzen 5.025 pertsona aterako dira –3.606 gizon (%71) eta 1.419 emakume (%28)–. Barrila jotzen desfilatuko dutenen artean gizon eta emakumeen arteko aldea txikiagoa da, baina era berean danborren atzetik ateratzen direnak dira. 12.863 izango dira –6.703 gizon (%52) eta 3.486 emakume (%27)–. Datu esanguratsuena, ordea, Danbor Nagusiari dagokiona da. 178 ariko dira zuzendari lanetan; 143 gizon eta soilik 35 emakume. Bien arteko aldea nabarmena da.
Gainerako parte hartzaileei dagokienez, ondorengoak dira datuak: 458 gastadore –416 gizon eta 42 emakume–, 404 kantinera –5 gizon eta 399 emakume– eta 43 fusilari –41 gizon eta 2 emakume–. Horiekin batera, 2.383 musikarik parte hartuko dute danborraden martxak interpretatzeko –1.775 gizon eta 608 emakume–.
Danborradak zonaldeetan
Auzoetako danborrada gehienak dira mistoak: Altza-Intxaurrondo (19 danborradak dira mistoak), Amara-Loiolako Erribera-Morlans (19 danborradak dira mistoak), Antigua (24 danborradak dira mistoak), Erdialdea (32 danborradatik 25 dira mistoak), Gros (25 danborradak dira mistoak), Loiola-Egia-Martutene (9 danborradak dira mistoak), eta Parte Zaharra (23 danborradatik eta 20 dira mistoak).