Intxaurrondora, Bidebietara eta Egiara ere heldu da festa
San Sebastian eguna donostiar guztien eguna da, eta jai giroa ez dago Parte Zaharrean soilik, auzoetan ere nagusi dira danbor eta upel hotsak egun guztian zehar. Bazkaldu eta berehala atera dira kalera Intxaurrondon Zulo Zahar elkarteko kideak, eta auzoko kaleetatik ibili dira jai giroan, auzoko bizilagunen arratsaldea alaitzen. Aldarrikapenentzako denbora ere izan dute, eta bizilagunak aspalditik nahi duten autobusa eskatzeko pankarta zabaldu dute geldialdietako batean.
Bidebietan kaleak isilik zeuden arratsaldeko lehenengo orduetan, bizilagunak indarrak hartzen ari baitziren oraindik, baina Bidebieta danborrada kalera atera denean bukatu da isiltasuna. Pixkanaka bizilagunak hurbiltzen joan dira, eta txokolate, salda, bizkotxo eta xanpaina medio, jai giroan murgildu da auzoa.
Egian Maria Reinako eta Aitor Ikastolako danborraden doinuak izan dira nagusi, eta giro ezin hobea egon da auzoan. Haur, guraso, gazte eta zahar ugari bildu dira danbor eta upel-jotzaileak ikusteko, San Sebastian egunaren azken orduak aprobetxatuz.
IRUTXULOKO HITZAren argazki bilduman topatuko dituzue Zulo Zahar elkartearen, Bidebieta danborradaren, Maria Reinako konpainiaren eta Aitor Ikastolako danborradaren argazkiak.