Hiriko denda historiko eta bereizgarriak babesteko batzordea sortuko du udalak
Azkenaldian hiriko denda historiko hainbat itxi eta desagertu dira. Hori dela eta, Donostiako Udal Gobernuak batzorde berezi bat sortzea erabaki du, aipaturiko ostalaritza bereizgarria babesteko. Ernesto Gasco Garapen Ekonomikoko zinegotziak iragarri du, EH Bilduk et PPk gaurko batzordeetan aurkezturiko interpelazioei erantzunez.
“Parte Zaharrean itxi berri diren establezimendu esanguratsuen aurrean hiritar hainbat agertu duten kezka konpartitzen dugu. Jabez aldatu dira hainbat, eta jabeen metaketa ere eman da”, azaldu du Gascok. Horrela ere, udalak tokiko merkataritzaren aldeko lanean jarraitzen duela gaineratu du. Bestalde, adierazi du Donostia dela biztanleko saltoki gehien duen EAEko euskal hiriburua –1,42 saltoki daude hiritar bakoitzeko–. “Donostia da azken urteetan saltoki galera txikiena izan duen Euskadiko hiriburua”.
Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean Tokiko Merkataritza Sustatzeko 2020-2030 Plana abian jarriko dutela esan du Gascok. “Besteak beste, obrek kalteturiko saltokiak diruz lagunduko ditu, erosketa arduratsua bultzatuko du, eta 50 urte baino gehiago dituzten establezimenduen lizentziak erraztuko ditu”.