"Gozatzen ari naiz esperientziarekin"
Pozik egoteko arrazoi ugari ditu Iñaki Jimenezek (Bidebieta, 1984). Azpeitia eta Azkoitiko Iraurgi saskibaloi taldeko entrenatzailea da. Denboraldia hasi aurretik Euskal Kopa irabazi zuten, eta pasa den abenduan Zilarrezko LEB mailako Kopa. Talde txikiarekin lorpen handiak eskuratzen ari dira.
Lehen denboraldia daramazu Iraurgin. Nola iritsi zitzaizun aukera?
Lolo Encinas zen aurreko entrenatzailea, eta lagunak gara. Bilbo Basketek fitxatu zuen, eta nire izena gomendatu zien Iraurgikoei. Entrenatzaile bila zebiltzan, eta egia da gipuzkoarren alde egiten duela klubak. Horrela, aukera eman zidaten. Niri momentu berezi batean harrapatu ninduen eskaintzak. Lanez aldatzekotan nintzen, eta onartzea erabaki nuen. Hasieratik konfiantza eman zidaten, eta gustura nago.
Aurretik beste hainbat taldetan aritu zara, eta orain ari zara profesional gisara.
Horrela da, bai. Saskibaloi jokalari gisa hasi nintzen Bidebietako San Luis eskolan eta La Sallen. Hain zuzen ere, jubeniletan hasi nintzen La Sallen haurrak entrenatzen. Gerora, Gasteizera joan nintzen ikasketak egitera, eta San Martin eskolan entrenatzaile lanak egin nituen. Donostiara itzultzean Easo eta Ibaeta taldeetan aritu nintzen, eta Zarautzen zein Ordizian ere esperientzia bana izan nuen. Orain, Iraurgik pauso berri bat emateko aukera eman dit.
Eta ondo aprobetxatzen ari zara. Kopako finalera iritsi, eta irabazi egin zenuten. Ezustekoa izan zen?
Denboraldia hasi aurretik ez genuen pentsatzen kopako finalera iritsiko ginenik. Zilarrezko LEB mailak bi liga ditu, ekialdekoa eta hegoaldekoa. Lehen itzulia bukatzen denean, bi ligetako sailkapenetako lehen postuan daudenek jokatzen dute kopako finala. Ona izan zen gure lehen itzulia, eta finalerako txartela lortu genuen. Aurrez aurre, Girona izan genuen. Talde oso ona da, Marc Gasol jokalariak kudeatzen duena. Diru asko sartu du eta jokalari oso onak dituzte. Beraiek ziren faboritoak, zalantzarik gabe. Ordea, finala partida bakarrera izanik, eta gure etxean jokatuta, dena posible zela ikusi genuen. Kostata, baina ezustekoa eman genuen azken unean markagailua iraulita.
Nolakoa izan zen finala, eta zeintzuk izan ziren gakoak irabazteko?
Partidaren azken laurdena. Denbora guztian markagailuaren atzetik joan ginen, eta azken laurdenean hiruko zazpi saskiratze egin genituen. Gure jokalari estatubatuarrak erabakigarriak izan ziren. Bestalde, gauzak gaizki jarri zirenean partidan jarraitu genuen, eta zaleen bultzadarekin azken minutuetara aukerekin iritsi ginen. Azken laurdeneko irudiak oso politak dira, jendearen jarrera ikusgarria izan zen. Klubak esfortzu berezia egin zuen kantxako harmailan eserleku gehiago jartzeko, eta zalantzarik gabe nabaritu genuen jarratzaileen berotasuna.
Finala jokatu aurretik, partida bat gehiago zela esan zenuen. Berdina pentsatzen duzu orain?
Irabazteak bultzada txiki bat eman digu. Talde indartsuagoen aurka lehiakorrak izan gaitezkeela erakutsi dugu. Partida berezia izan zen, bai, baina bat gehiago. Egia da laguntzen duela klubari ikusgarritasuna ematen, babeslea zabaltzen, eta batez ere, saskibaloiarekiko zaletasuna indartzen. Azken batean, horrelako lorpenek ilusioa sortzen dute, eta haurrek saskibaloian jokatu nahi izatea. Beraiek dira gure klubaren oinarria etorkizunari begira.
Iraurgiren jokoari dagokionez, defentsa lana goraipatu izan duzu, eta erasoan aukera ugari dituzuela.
Sasoi honetan defentsarik onena duen taldea gara. Gure defentsa lan handikoa da, eta jokalari guztiek parte hartzen dute. Erasoan egia da gure jokalari estatubatuarrekin puntu asko egiteko aukera dugula. Halere, euskal jokalariek ere puntu asko lortzeko gaitasuna dute. Esaterako, Xabi Beraza errenteriarrak, Ibon Guridi azpeitiarrak eta Beñat Hevia donostiarrak. Horrek arerioari defentsa zailtzen dio.
Ligan denboraldi ona daramazue. Fase erregularrean bigarren postuan zaudete, lehen postuan denbora dezente eman arren. Gustura zaude egiten ari zareten lanarekin?
Gozatzen ari naiz esperientziarekin. Hasiera oso ona egin genuen. Lehen zazpi partidak irabazi genituen. Egia da ere neurketa berdindu asko irabazi genituela. Orain ari zaigu tokatzen partida horiek galtzea. Horrekin batera, talde motza dugu. Hamar jokalari eta jubenil bat ditugu, eta lesioekin sufritzen ari gara. Dena dela, nik jokalariei esaten diet emaitzekin soilik ez geratzeko. Gu gara maila ertaineko talde bat, eta erdian sekulako lehia dago lehen postuen sailkatzeko. Zorionez, etxeko lanak ondo egin genituen, eta hurrengo faserako sailkatuko gara.
Zein da Iraurgiren hurrengo helburua?
Sailkapeneko lehen seiren artean sartzea, eta dagoeneko hori lortu dugu. Bigarren fasea motzagoa da, hamar neurketa jokatzen direlako. Denak oso partida zailak izango dira, beste ligakoen aurka ariko garelako. Girona, Murtzia eta Menorca talde oso indartsuak dira. Horrela ere, gustatuko litzaiguke play-offetan sartzeko borroka horretan egotea.
Gustatuko litzaizuke maila bat gorago aritzea entrenatzaile gisara?
Zalantzarik gabe. Nik ez nuen espero maila honetan entrenatuko nuenik. Aukera egongo balitz maila bat gorago entrenatzeko, noski gustatuko litzaidakeela. Horretarako baldintza asko eman behar dira, eta oso zaila da. Saskibaloi munduan ez dago dirua soberan.
Donostiarra izanik, gustatuko litzaizuke Gipuzkoa Basketen entrenatzailea izatea?
Polita izango litzateke, baina ez dute sekula entrenatzaile gipuzkoarrik fitxatu. Maila profesionalean ez naiz sekula egon orain arte, eta gustatuko litzaidake horrelako talde baten esperientzia izatea. Ilusio handia egingo lidake.
Hain zuzen ere, zeresana eman zenuten Euskal Kopako finalean Gipuzkoa Basketi irabazita. Espero zenuten?
Guretzako denboraldiaurreko partida bat zen. Oso garrantzitsua izan zen jakiteko zein zen gure maila. Beraiek lagunarteko gisa hartuko zuten, baina finala zen eta bukaeran biek irabazi nahi genuen. Guretzako garrantzitsua izan zen sinisteko edozeinen aurrean ondo borrokatzeko gaitasuna dugula. Alegia, partida zailak izan arren, taldeak nortasuna duela.
Danborrada Donostian edo Azpeitian ospatu zenuen?
Donostian atera nintzen Donosti konpainiarekin. Iraurgik bere danborrada dauka Azpeitian, eta klubeko asko zein jokalariak atera ziren. Ni donostiarra izanik, hango danborradan ez dut tokirik, eta taldearekin irabazten jarraitu beharko dut lekua egiteko.