"Montserrat Caballe aurrean izatea, eta ‘kantatu duzuna gustatu zait’ esatea ikaragarria da"
‘Don Giovanni’ obraren prestakuntzan murgilduta dabil Miren Urbieta-Vega (Gros, 1983) sopranoa, otsailean Kursaalean egingo baitute. Ibilbide oparoa egiten ari da, eta Donostian opera zabaltzea du helburu.
Zergatik aukeratu duzu Nortea taberna?
Grosen jaio nintzen, eta nire bizitza guztia hemen egin dut. Mariaren Bihotza ikastetxean ikasi nuen lehenengo, Zubiri Manteo institutuan ondoren, eta Zurriola hondartzan eta pasealekuan ordu asko pasa ditut. Ikasi ondoren, Mariaren Bihotza abesbatzan jarraitu nuen, eta pote asko hartu ditut taberna honetan, entseguen aurretik eta ondoren.
Grosen bizitzen jarraitzen duzu?
Orain Bidebietan bizi naiz, eta sei urte egon nintzen Errenterian bizitzen.
Auzotik kanpo bizi bazara ere, bizitza Grosen egiten jarraitzen duzu?
Errenterian bizi nintzenean ere, asko etortzen nintzen Grosera, kuadrilla hemen daukadalako eta auzoko komertzioak gustuko ditudalako. Orain askoz gehiago etortzen naiz, eta bizitza asko egiten dugu hemen.
Lagunekin ere Grosen ibiltzen zara?
Kuadrillarekin Grosetik eta Parte Zaharretik, gehienbat, baina egia da gaur egun batzuk guraso izan garela, lana daukagula, eta askoz gutxiago ikusten garela. Esan zenidanean bermuta hartzeko, esan nuen, ‘jo, aspaldiko partez!’. Zeren azkenaldian gehiago gelditzen gara kafetegitan gosaltzeko, poteatzeko baino.
Operari dagokionez, ez da generorik ohikoena Donostian.
Orain arte Donostian gertatu da opera fenomeno arraro eta esklusibo bat zela, Musika Hamabostaldian baino ez genuena ikusten. Probintzian opera gehiago egiten dira, eta Bilbon ABAO da erreferentzia. Beraz, pentsatzen dut Opus Lirica egiten ari den bidea interesgarria dela, Donostiak ez dezan izan opera abuztuko gertakari arraro baten moduan, baizik eta urtean bitan edo hirutan joateko izan dezakegun zaletasun gisa.
Nola hasi zinen opera abesten?
Txistua eta klarinetea ikasi nituen, eta betidanik abestu izan dut koruan, eskolakoan lehenengo eta helduenean ondoren. Inoiz ez da nire helburua izan kantaria izatea, baina musikaren arlo desberdinak ukitu ondoren, erabaki nuen musikaren inguruko goi mailako ikasketak egitea, eta Musikenen sartu nintzen kantua ikastera. Momentu horretan, operaz ez nekien gauza asko. Kantu lirikoa eta teknika garatu nituen, eta denetarik kantatu izan dut.
Ondoren, orkestra batekin abesten hasi nintzen. Opera pixka bat abestu behar zen lehiaketetan parte hartu nuen, eta naturalki operan sartzen hasi nintzen. Nahiz eta hemen ezin duzun bide hori egin, munduan zehar egiten duzu, eta kito. Hala ere, gaur egun ez dut neure burua opera kantaritzat, sopranoa naiz, eta denetarik egiten saiatzen naiz.
Zein lanketa egin behar da operarako ahotsa garatzeko?
Asko ikasi behar da. Kirolean egiten den moduan, entrenatu egiten da. Duela hamar urte ez neukan gaur egun daukadan ahotsa. Garatzen joan da, nire gorputzari eta ahotsaren emisioari buruzko kontzeptu teknikoak ikasi ditudalako. Egunero orduak sartu ditut, eta ahotsa naturalki handitzen joan da. Azkenean, anplifikaziorik ez dugula erabiltzen da kantu modernoarekin daukagun desberdintasuna. Opera batzuetan ehun pertsonako orkestra bat jartzen dizute, eta zuk horren gainetik pasa behar duzu ahotsarekin, 75. ilaran dagoenak ere entzun zaitzan.
Nolakoa da Montserrat Caballeren moduko artisten klaseak jasotzea?
Lanbide honetan, askotan irakasle desberdinak bilatzen ditugu, denetatik ikasteko. Montserrat Caballeren kasuan, Zaragozan bere izena daraman lehiaketa bat dago, eta ni pare bat aldiz aurkeztu naiz. Lehiaketaren ondoren, berak masterclass batzuk ematen zituen, eta horietako batean parte hartu ahal izan nuen. Ez da zure bizitzako klasea, denbora gutxi delako eta jende asko dagoelako, baina ikaragarria da bera bezalako pertsona bat aurrean izatea eta gomendioak ematea. Gogoratzen dut zer kantatu nion eta zer esan zidan. Montserrat Caballe aurrean izatea, eta ‘kantatu duzuna gustatu zait’ esatea ikaragarria da, eta momentuan txunditu egiten zaitu.
Gure inguruan opera generorik ohikoena ez bada ere, abeslari onak atera izan dira hemendik.
Jende asko ateratzen da hemendik. Ainhoa Garmendiak, Opus Liricako komunikazio arduradunak, esaterako, bere bizitza Alemanian egin du, eta asko abestu du. Nire belaunaldiko Elena Sancho donostiarra ere izugarrizko ibilbidea egiten ari da. Uste dut Euskal Herrian kantatzeko tradizio asko egon dela, nahiz eta orain galtzen ari den, eta horregatik, koru pilo bat egon dira beti. Nik koruan abesten nuenean, hiruzpalau koru zeuden auzoan. Horren ondorioz, abeslari on gehiago atera dira.
Hainbat sari irabazi dituzu, eta errekonozimendua daukazu hemendik kanpo, ezta?
Urte askotan zehar, ezagutzera emateko nire modua lehiaketak izan dira. Izan ere, edozein ikasketa bukatu ondoren gertatzen den moduan, ikasketak bukatzen dituzunean ez dizute deitzen lan egiteko, zuk joan behar duzu bila. Nire bidea formakuntzan jarraitzea izan zen, Valentziako Placido Domingo akademian. Baita ere, lehiaketetan neure burua neurtzeko aukera ikusi nuen, epaimahaietan lana eman zezaketen pertsonak egoten zirelako, eta bide hori egin nuen.
Operan lan egiteko nire lehenengo aukera, adibidez, Bilbon izan zen, ABAO lehiaketari esker. Bigarren saria irabazi nuen, zeinetan ABAOk bere opera bateko paper bat eskaintzen zuen.
Errekonozimendu bera daukazu Donostian?
Nik baietz esan behar dut. Egia da normalean ez dela horrela izaten, baina gezurra esango nuke kontrakoa esango banu. Askotan ez daukazu nahi duzun errekonozimendu guztia entitate garrantzitsuenen partetik, baina nik Donostian nahikoa kantatzen dut, beste kantari batzuekin konparatuta, eta maitatua sentitzen naiz etxean.
Nolako harrera izan du iaz argitaratu zenuen diskoak?
Diskoarekin esan behar dut harrera hobea izan duela Espainian hemen baino, eta oso arraroa da, musika euskalduna delako. Baina bueno, horrelakoak gara. Hala ere, diskoarekin oso pozik nago. Ruben Fernandez Agirre pianistarekin egin nuen, abeslariak laguntzen dituen pianista onenetakoa dena. Gainera, euskal konpositoreekin eta euskaldunak ez direnekin egin dugu diskoa, baina dena euskal musika da. Abesti batzuk erdaraz dira, poeta euskaldunen poematan oinarrituta, eta beste batzuk euskaraz dira. Granadako diskoetxe batek grabatu du, hori ere esanguratsua da. Beraiek esaten dute askotan galdetzen dietela nolatan grabatu duten horrelako disko bat, eta gauza bera erantzuten dutela beti: ‘oso musika ona da, nola ez dugu grabatuko!’. Galdera da zergatik ez duen hemengo diskoetxe batek grabatu.
Espainia guztitik aurkeztu genuen diskoa, baita Bilbon eta Gasteizen ere, eta aurkezpena egiteko leku bat lortzeko zailtasun gehienak Donostian izan genituen.
Don Giovanni obra egingo duzu orain Opus Liricarekin. Zer moduz doa prestakuntza?
Entseguak hastear daude. Kantari bakoitza bere etxeko laneko fasean dagon orain. Nik hilabeteak daramatzat paper hau lantzen, bere psikologia, testuak eta gauza guztiak buruz jakiteko. Entsegu momentua iristen denean, bi zuzendari dituzu: musika zuzendaria eta eszena zuzendaria. Azken horrek erotu egingo zaitu, gauza bakoitza non abestu behar duzun esanez, eseri behar zaren, etzan, gora igo, behera jaitsi… Beraz, zure papera oso barneratuta eraman behar duzu. Gainera, zuk pertsonaia horren bertsio bat eraman dezakezu, baina eszena zuzendariak beste era batera ikus dezake.
Opus Liricak Donostian opera zabaltzea du helburu. Bat egiten duzu helburu horrekin?
Bai. Uste dut badagoela publikoa, opera asko dagoela ezagutzera emateko, eta kantari asko gaudela hemen, aukera horiek emateko. Don Giovannin, esaterako, hemengo jende asko gaude, eta beharrezkoa dela uste dut. Opera normalizatu behar da, jendeak ikus dezan beste genero bat dela; oso genero berezia eta garrantzitsua. Antzerkia eta musika daude, eta sekulako lana dago karakterizazioan. Orkestra bat daukazu zuzenean, mikrofonorik gabe, eta musika bizia da. Zerbait oso osoa iruditzen zait. Garestia dela? Kontuan izan behar da zenbat pertsona dauden horren atzean: 200dik gora beti.
Zer esango zenieke donostiarrei opera kontsumitzen hastera animatzeko?
Espektakuluak ikusi egin behar direla, probatu egin behar direla, eta ez bazaizu gustatzen beste espektakulu bat bilatu behar dela. Kultura oso plurala da, aukera asko daude, eta behin antzerki batera zoazen moduan, beste behin joan zaitez opera bat ikustera, eta beste batean, orkestra sinfoniko bat ikustera. Lehenengoan ez bazaizu gustatzen ez da ezer gertatzen.
HAMABIETAN BERMUTA: Alkoholik gabeko zuritoa eta tortilla pintxoa.
Non. Nortea taberna. Nafarroa hiribidea, 2 (Gros).
Prezioa. 3,60 euro.