Lan, pentsio eta bizitza duinen aldeko greba
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak deituriko greba orokorrarekin bat eginez, sindikatuek eta herritarrek pikete informatiboak egin dituzte goizean goizetik hiriko hainbat gunetan.
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak deituriko greba orokorrarekin bat eginez, sindikatuek eta herritarrek pikete informatiboak egin dituzte goizean goizetik hiriko hainbat gunetan. Goiztiarrenak, Intxaurrondoko autobus biltokira eta Martuteneko 27 Industrialdera joan dira, han lanean ari zirenei greba eguna dela gogorarazteko asmoz.
ELA, LAB eta Kurpil sindikatuen deialdiari erantzunez, 06:00ak aldera, ehun bat pertsona Dbusen autobus biltokiaren kanpoaldean elkartu dira, lan, pentsio eta bizitza duinak eskatzen zituen pankartarekin. Zerbitzu minimoak besterik ez dira egongo egun osoan. Ertzaintza gertu da, baina grebalariena protesta baketsua izan denez, ez da inolako istilurik egon.
Kotxerasen lan, pentsio, bizitza duinaren alde #U30GrebaOrokorra
— ELA Donostia (@ELAdonostia) January 30, 2020
En cocheras a favor de un trabajo, pensió y vida digna #HuelgaGeneral30E pic.twitter.com/HWqffXkGSm
Martutenen beste hainbeste grebalari elkartu dira 07:00etan. Grebaren aldeko oihuen artean, 27 Industrialdea osoa zeharkatu dute, poliziak gertutik jarraitzen zituela. Lantoki gehienak itxita zeuden arren, goizak aurrera egin ahala, gero eta langile gehiago agertu dira euren lanpostuetan, grebalarien protestak areagotuz. Manifestazioan ez da istilurik egon, baina martxak auto ilara luzeak eragin ditu industrialdearen inguruan.
Piketea Martuteneko poligonoan barrena: "Gaur greba orokorra!"
— Iñaki Agirre (@ikiagirre) January 30, 2020
Lantegi gehienak itxita daude hemen @irutxulo #U30GrebaOrokorra pic.twitter.com/E3kkXY7zjx
100 bat grebalarik osatu dute Martuteneko pikete informatiboa
— Iñaki Agirre (@ikiagirre) January 30, 2020
Goizak aurrera egin ahala, gaur lanera etorri diren hainbat langilerekin egin dute topo @irutxulo #U30GrebaOrokorra pic.twitter.com/GoeCphho6j
Amaran, saltoki gehienak itxi egin dituzte. Egian ere eragin handia izan du greba deialdiak. Amara Berrin, Erdialdean eta Antiguan, ordea, gutxiago nabaritu da. Halere, Errotaburu inguruan ohi baino zirkulazio gutxiago nabaritu da. Debuseko autobus gutxi ibili dira.
Ibaetako kanpusean, fakultateak zabalik daude. LAB sindikatuaren arabera, ikasle asko ez dira klasera joan eta kafetegiak itxita daude. Karlos Santa Maria eraikinaren sarreran pikete informatiboan zeuden bi lagun identifikatu ditu Ertzaintzak.
Erdialdean, bankuetako langileak eta erresidentzietako langileak batu dira. Denda gehienak zabalik daude. Piketeak ondotik pasatzerakoan pertsiana jaitsi du San Martin merkataritza guneko Zarak. Fnac zabalik mantendu dute. Donostiako autobus geltokian, jende gutxiago, baina, oro har, ohiko martxan. Zerbitzu guztiak irekita.
Edukiontzi bat gurutzatuta Donostiako Bergara kalean @berria #U30GrebaOrokorra pic.twitter.com/Tad2HE6bWN
— Irune Lasa (@IruneLasaA) January 30, 2020
Parte Zaharrean saltokiak itxita zeuden.
Intxaurrondon, gosari herrikoia egin ondoren, hamabost bat grebalari kalera atera dira, saltoki eta tabernei greba orokorra eguna dela gogoraraziz. Auzoko negozio gehienak, ordea, irekita zeuden goizean, eta grebalariak informazioa ematera sartu badira ere, gehienek ez dituzte ateak itxi. Basotxikiko topoaren geltokiko sarreraren goiko aldera igo dira, Lan, pentsio, bizitza duina. U30 Greba Orokorra zihoen pankarta bat zintzilikatzera, eta Todo Todo supermerkatura iritsi direnean egon da goizeko tentsio une nagusia. Barruko langileek atea itxi dute, pertsiana jaitsi gabe, eta grebalariek supermerkatuko sarrera prezintatu dute. Todo Todoko langile batek, ordea, zintak kendu ditu, eta ika mika txiki bat egon da, grebalariek greba egiteko arrazoiak azaldu nahi zizkioten bitartean.
Auzoko Todo Todo supermerkatua prezintatu dute une batez, baina barruko langile batek jarritako kartelak eta zintak kendu ditu, eta ika mika txiki bat izan du grebalariekin @irutxulo #U30GrebaOrokorra pic.twitter.com/AjvQB6oHFE
— Beñat Parra Rguez. (@ParraBenat) January 30, 2020
Altzan grebak izan duen oihartzuna desberdina izan da zonalde bakoitzaren arabera. Larratxon, komertzio txiki gehiena itxita zegoen bitartean, negozio gehienak irekita zeuden Harrian eta Harri Berrin. Altzako parte zaharrean saltoki txiki gehienak itxira zeuden, baina BM eta Eroski supermerkatuak irekita. Bestalde, grebalariek karabana egin dute hamaika autorekin Garberara bidean. Merkataritza gunean bi irudi: Eroski supermerkatua itxita, kate handietako denda eta kafetegi gehienak, aldiz, irekita edo ateak itxita piketeak noiz pasatu zain. Bezerorik, apenas. Auzoko eskolen erantzuna “oso ona” izan dela adierazi dute grebalariek, %60 edo %80k grebarekin bat egin baitute.
Egian ere komertzio asko itxita egon dira goizean zehar, eta piketeek BM supermerkatua itxi dute. Plaza Haundin hamaiketako herrikoia egin dute, eta ehun bat lagun manifestazioan joan dira auzotik, bizilagunei grebara batzeko dei eginez. Ametzagaña eta Karmengo Ama kaleetatik ibili ondoren, Egia kaletik behera abiatu dira, Saguesko zutabearekin eta Artzain Oneko manifestazio orokorrarekin bat egiteko.
Egiako grebalariak auzoko kaleetatik dabiltza manifestazioan, Artzain Oneko manifestaziora jaitsi aurretik. Komertzio asko itxita daude @irutxulo #U30GrebaOrokorra pic.twitter.com/J6IK120KP8
— Beñat Parra Rguez. (@ParraBenat) January 30, 2020