Kaleak berriro ere beteaz amaitu dute greba eguna
Mobilizazioz beteriko greba egunaren amaieran, milaka pertsona Bulebarrean elkartu dira herritarren bizitzak erdigunean jarriko dituen sistema bat aldarrikatzeko.
Egun luze eta neketsua izan da goizean goizetik greba orokorrari loturiko mobilizazioetan parte hartu duten herritarrentzat, baina egunaren amaieran ere, milaka pertsona kalera atera dira lan baldintza, pentsio eta bizitza duinak berriro ere aldarrikatzeko.
Pentsionistak, feministak, ikasleak… Gizarteko kolektibo sorta zabalak hartu du parte arratsaldeko manifestazioan, eta ikusgarritasun urriagoa dutenak ere presente izan dituzte protestan zehar, hala nola greba egiteko eskubidea ukatua izan duten langileak, paperik gabeko etorkinak eta, batik bat, etxeetan lan egiten duten emakumeak.
Eguraldiak euriarekin mehatxatu duen arren, auzoetatik abiatutako zutabeak jendez beterik heldu dira Bulebarrera, eta hortik, denek bat eginik, hiriko erdigunean zeharreko manifestazioa egin dute ordubetez. Amaierako hitzartzean, egun historikotzat jo dute gaurkoa, zazpi urtean egin den greba orokorra bakarra izateaz gain, Eskubide Sozialen Gutunak eginiko deialdiak parte hartze zabala izan duela uste dutelako.