Greba eguneko errepresioari erantzuteko mobilizazioak iragarri ditu Piztu Donostiak
Hirian gertatzen ari diren “eskubide demokratikoen murrizketari” erantzuteko asmoz sortu dute Piztu Donostia plataforma. Atzoko greba orokorrarekin bat egin zuten, eta egunean zehar gertatutako “eskubide urraketen” jarraipena egiteko Donostiako Eskubideen Behatokia jarri zuten martxan. Egunaren amaieran hamahiru identifikatu eta bi atxilotu zenbatu zituzten.
Gainera, greba eguneko errepresioari erantzuteko hainbat mobilizazio eta neurri iragarri dituzte. Alde batetik, larunbatean, otsailaren 1ean, giza katea egingo dute Antiguako elizatik Ertzain-etxera. Grebaren ostean ere Mozal Legea pikutara leloa jarri diote mobilizazioari, eta 12:30ean hasiko da.
Otsailaren 16an, Mozal Ordenantzari ez lelopean giza katea egingo dute Pio XII.aren plazatik Udaltzaingoaren egoitzaraino, 12:00etan. Azkenik, martxoaren 1ean, manifestaziora deitu dute, Mozal Hiriari ez, Piztu Donostia! lelopean. Martxa udaletxe aurretik aterako da, eta Egiako epaitegian amaituko da.
Erresistentzia kutxa
Gainera, greba egin zuten langileekin elkartasuna adierazteko, eta “borrokatzeagatik zigortuak izan eta izango diren langileekiko elkartasunez”, greba orokorreko eguneko soldata plataformak antolatutako erresistentzia kutxan sartzeko deia egin dute. Honakoak dira kontu korrontearen datuak: Fiare Banca Etica: ES17 1550 0001 2000 0922 9329 (P.M. Heras).