Kalderero, inude eta artzainena izango da asteburua
Hungariatik etorritako kaldereroak larunbatean iritsiko dira Donostiara, zartaginen hotsaz kaleak alaitu eta inauterien berri ematera. Haiekin batera, inude eta artzainak ere aterako dira hainbat auzotan dantzatzera.
Hemeretzi tributako 400 bat kaldererok Konstituzio plaza bereganatuko dute larunbat gauean, hor euren kanpamentua muntatu eta, kantuz, donostiarrei iristear dauden inauterien berri emateko. Zartaginak eta mailuak astinduz, Hungariako kaldereroen konpartsa tradizionalak Parte Zaharreko kaleak girotuko ditu, asteburuan zehar hiriko beste konpartsek auzoetan egingo duten modura.
Lasala plazan elkartu ostean, konpartsa tradizionala kalez kaleko martxarekin hasiko da, 21:45ean, hortik aurrera festa gaueko ordu txikiak arte luzatzeko asmoz. Aizarte, Akelarre, Antiguotarra, Ardatza, Arrano, Artesana, Artikutza, Bare-bare, Esperanza, Euskal Billera, Gaztelubide, Gehitu, Herria, Kasilda, Kresala, Suharri, Ur, Urgil eta Zarautztarra tribuetako kideek osatuko dute konpartsa.
Haiek ez dira, bada, Parte Zaharreko gaua girotuko duten bakarrak. Izan ere, Hungariako Galdaragileen Konpartsa Primitiboak ere auzoko kaleak gurutzatuko ditu, Trinitate plazatik hasita, bere kanpamentua Santa Marian kokatzeko. Orain arte, 250 kalderero eta buhameek osatutako konpartsak Sarriegi plazan eraiki izan du bere kanpamentua, baina haien ikuskizuna erakargarriagoa egiteko asmoz, iaztik elizaren parera mugitzea erabaki zuten.
Tradizionalak eta primitiboak, biek ala biek errepertorio zabala abestuko diete herritarrei, gurdi eta txarangen artean, Sarriegiren eta beste hainbat autoreren doinuez lagundurik.
Erregina, Manchesterrekoa
Urteroko legez, konpartsa tradizionalak bere erregina eta bi damak izendatu ditu, kanpamentura iristerakoan Donostiarrei diskurtsoa eskaintzeaz arduratuko direnak. Aurten, baina, Hungariako erreginaren mezuak azentu ingelesa izango du, Manchesterretik etorritako hiru lagun izango baitira konpartsaren hiru pertsonaia nagusiak ordezkatzeaz arduratuko direnak: John Newton, erregina gisa, eta Paul Hooper eta Martin Brown dama modura.
Konpartsako kideek azaldu dutenez, duela bost urte, Manchesterreko herritar bat harremanetan jarri zen beraiekin. Antza denez, hirian bisitan ari zela, kaldereroen tribuekin egin zuen topo, eta festaren izaera eta giro onarengatik harrituta, haien konpartsara batzeko nahia helarazi zien. Harrezkero, John Newton urtero etorri da Donostiara eta, urtetik urtera, gero eta lagun gehiago ekarri ditu berarekin festan parte hartzera. Aurten, guztira, bederatzi batuko dira konpartsa tradizionalera.
Primitiboari dagokionez, berriz, Joxean Estebanez kidea izango da diskurtsoa botatzeaz arduratuko den erregina.
Hungariatik, auzoetara
Kaldereroen festaren nukleoa Parte Zaharra den arren, Hungariatik etorritako lagunen konpartsak hiriko hainbat auzotatik ere ibiliko dira hemendik aurrera. Gaur arratsaldean, esaterako, Summa Aldapeta ikastetxeko eta Zurriola Ikastolako ikasleek Erdialdeko eta Groseko kaleak zeharkatuko dituzte kantuz kantu.
Bestetik, larunbatean, Kai Harripe Parte Zaharreko euskara batzordea, Egiako Arrano elkartea, Herrera Kirol Elkartea eta Amara Berri, Amara eta Groseko kaldereroak aterako dira kalera, bakoitza bere konpartsarekin. Hurrengo asteburuan, aldiz, Antiguako (ostirala, 20:30) eta Loiolako (larunbata, 18:30) kaldereroen txanda izango da.
Kepa Madariagari omenaldia
Groseko Hungariar Kaldereroen Konpartsak Kepa Madariaga bere lehendakari ohia omenduko du larunbatean, 19:15ean Txofre plazan egingo dion ekitaldi batekin. Madariaga ekainean zendu zen, eta Donostiako hainbat jaien sustatzaile izateaz gain, Groseko konpartsaren buru izan da 1995etik 2019ra arte. Epe horretan, egindako lanari esker, konpartsa ekonomikoki asko indartu zen, eta parte-hartzeari dagokionez ere hazkunde nabarmena izan zuen.
Biharko ekitaldian, Joxemari Oiarzabal musikariak eginiko konposizio bat entzungo dute, eta Axular ikastolako dantza taldeak omenaldirako sorturiko koreografia bat eskainiko dio konpartsako kide ohiari.
Inudeak eta artzainak
Kaldereroak ez dira, bada, asteburuko protagonista bakarrak izango. Izan ere, Kresalaren eta Groseko auzo elkartearen eskutik, inude eta artzainek ere dantza egingo dute igandean. Parte Zaharrean, konpartsa osatzen duten 180 lagunak 12:00etatik aurrera hasiko dute euren ibilbidea, Euskal Herria kaletik abiatuta. Dantzari eta danbor-jotzaileen artean, alkateak, gotzainak, maisuak, mikeleteak, bota garbitzaileak eta gainerako pertsonaiek aspaldiko gizartea irudikatuko dute.
Grosen festa egarri berdinarekin ibiliko dira, eta Txofre kaletik 11:15ean abiatuko den konpartsarekin, giroa auzo osora eramango dute. Gero, 12:30ean, Katalunia plazan elkartuko dira, urteroko parodia egin eta Naizen elkarteari, haurren transexualitatea ikusarazteko egindako lanagatik, Aitona Memoriala saria emateko.
Otsailaren 9an, Ikasbide Guraso Elkartearen inude eta artzainak ere Loiolako Erriberan zehar ibiliko dira, 11:30etik aurrera, eta 22an, berriz, Antiguotarrak Euskal Dantza Elkarteko kideek jasoko diete lekukoa, 11:45ean hasiko duten ibilbidearekin.
SANTA AGEDA BEZPERA
Ohitura zaharrari helduz, asteartean, Santa Ageda egunaren bezperan, herritarrak baserritarrez jantziko dira auzoetara koplak abestera irteteko. Goizean zehar, ikastetxeetako haurrek egingo dute kanta, erritmoa makilen astinduarekin jarraituz. Arratsaldean, berriz, helduen txanda izango da, eta iluntzearekin batera hiriko auzo gehienetatik ibiliko dira denak Santa eskean. Auzo bakoitzeko ordutegiak Irutxuloko.hitza.eus webgunean kontsultatu ahal izango dira.