Enrique Ramosek hartu ditu Ernesto Gascoren ardura gehienak
PSE-EEk udal taldea berrantolatu du, Ernesto Gascok kargu guztiei uko egin eta Madrilera joan ostean. Pasa den astean hartu zuen bozeramaile ardura Marisol Garmendiak, urtarrileko udalbatzarrean. Gaur, berriz, gainerako karguen banaketa argitu dute.
Gascok betetzen zituen ardura gehienak Enrique Ramosek hartu ditu. Horrela, bere esku geratu dira Ekonomia, Sustapena, Merkataritza, Ostalaritza eta Turismoa. Dena dela, Turismoaren zinegotzigoa behin behinekoa izango da, Cristina Lage zinegotzi berri gisa izendatu arte. Izan ere, Lagek beteko du Gascoren hutsunea udal taldean, eta bere arduretako bat ere hartuko du.
Bozeramaile karguarekin batera, Garmendiak hartuko du bigarren alkateordetza, eta Duñike Agirrezabalagak hirugarrena. Bestalde, aurrerantzean Tokiko Gobernu Batzordeko ordezkari sozialistak Garmendia, Ramos eta Agirrezabalaga izango dira.
Udal taldearen aldaketen berri ematearekin batera, Garmendiak sozialisten konpromisoak berretsi nahi izan ditu: “Hiri hobe baten alde lan egiten jarraitzeko ilusioa berritzen dugu, sozialki kohesionatuagoa, kalitatezko enplegu gehiagorekin, gure gazteentzat lan eta etxebizitza aukera gehiagorekin”.