Iztuetako zubibidea eraisteko lanak adjudikatu dituzte
Martxoan hasiko dira Iztuetako zubibidearen eraisketa lanak, IRUTXULOKO HITZAk pasa den astean aurreratu gisara. Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak Construcciones Sobrino S.A. enpresari adjudikatu dio kontratua. Lanak egiteko 14 hilabeteko epea izango dute, eta finantziazioa 5.862.566 eurokoa da. 2021 erdialderako lanak bukatuta eta pasabide berria erabilgarri egotea aurreikusten du udalak.
Zubibidea eraitsi eta pasabide berria trenbidearen azpitik igaroko da, Zuhaizti parkearen eta Justizia Jauregiaren artetik. Egia eta Gros bereizten dituen zubibidea kendu ostean, biribilgune bat jarriko dute Mandasko Dukea, Iztueta eta Egiako Galtzada kaleak lotuko dituena. Justizia Jauregiko aparkalekurako sarbidea ere izango du.
Eneko Goiak alkateak azaldu duenez, proiektuak hainbat helburu ditu. Hala nola, Zuhaizti parkearen inguruko afekzioa murriztea, Aldakonea kalerako sarbide zuzena ahalbidetzea, oinezkoen pasabidea hobetzea, Egiako Galtzada kalearen mendebaldeko muturra oinezkoentzat jartzea, Iztueta kalean oinezkoentzako ibilbie berri bat egitea, eta Euskadi plazaren etorkizuneko antolamenduarekin koordinatzea.
Bi obra handi
Datozen hilabeteetan Egia auzoari eragingo dioten bi obra handi aurreikusten dira. Martxoan hasiko dira Iztueta eraisten, eta apirilean AHTaren geltoki berriko lanak. Ondorioz, Egiako pasabidea itxiko dute, eta erabiltzaileek hiru aukera izango dituzte estazioaren bestaldera igarotzeko. Zuzenena da estazio gaineko pasabidea erabiltzea, eskailerak dituena bi aldeetatik. Ordea, irisgarritasun arazoak dituzten herritarrek –elbarriek eta haurrak dituzten familiek, besteak beste– ezingo dute erabili pasabidera iristeko igogailurik ez dagoelako. Beste bi aukerak ondorengoak dira: Egiako parkeko bukaerako zubia erabiltzea Mundaizko zubira jaisteko, eta Teresa de Calcuta plaza igarotzea Grosera zein Erdialdera iristeko.
Iztueta eraitsi ondoren, Goiak azpimarratu du Aldakoneako hirigintza proiektuaren txanda izango dela. “Lanean jarraitzen dugu Aldakoneako hirigintza proiektua aurrera eramateko. Egia goialdeko irisgarritasuna hobetzea izango da gure hurrengo helburua”, azaldu du alkateak.