Maria Cristina zubia berritzeko lanekin bukatzen ari dira
Duela zazpi hilabete hasi ziren Maria Cristina zubiaren elementuak apaingarriak berritzeko lanekin. 1905ean inauguratu zen zubiaren jatorrizko irudia berreskuratu nahi izan du Donostiako Udalak.
Lau dorreen irudia berritu da, eta zubian zehar jarritako aldamioa ia osorik kendu dute. Zati bat besterik ez da geratzen, Gernikako Arbolaren pasealekutik gertuen dagoena. “Han lanak ez dira bukatu oraindik, ekaitzek atzerapena eragin dutelako. Izan ere, izandako hainbat denboralek aldamioa hondatu dute, eta berritze lanak baldintzatu dituzte”, azaldu du Marisol Garmendiak, Proiektu eta Obretako zinegotziak.
Proiektuaren aurrekontuan egindako aldaketari esker –115.000 euro gehiago–, zubiak ez zituen argi apaingarri batzuk jarri dizkiote zubiaren elementu esanguratsuak nabarmentzeko. 605.962 euroko aurrekontu oinarria adostu zuten pasa den urteko ekainean.
Ostegunean, hitzaldia
Zubian egindako lanen balioa azpimarratzeko, ostegunean hitzaldi bat egingo dute Koldo Mitxelenako areto nagusian, 19:00etan. Elementu apaingarriak berritzeko prozesuari buruz ariko dira, eta horien historia errepasatuko da, hiriaren garapenean duen garrantzia azalduz. Hitzaldian parte hartuko dute Marisol Garmendiak, Alberto Fernandez D’Arlasek (Ancora) eta Jose Luis Larrañagak (berritze lanen zuzendaria).