Kaldereroek ere eskatu dute Intxaurrondoko autobus zerbitzua areagotzeko
Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkarteak (IZBE) denbora darama eskatzen auzoa batuko duen autobus zerbitzua. Auzoko danborrada guztiek eskaerarekin bat egin ostean, pasa den asteburuan kaldereroek ere auzo elkartearen aldarrikapena babestu zuten. Hainbat auzotarrek elkarretaratzea egin zuten Intxaurrondon autobusa nahi dugu! Intxaurbus ya! lelopean.
Gaur egun, auzotar askok ez daukate garraio publikoaren bidez herritarren oinarrizko zerbitzuetara iristeko aukerarik. Hain zuzen ere, jende askok osasun-etxera, hezkuntza zentroetara, kiroldegira edo saltokietara joateko zailtasunak dituela dio auzo elkarteak, eta gune horien arteko lotura bermatuko lukeen autobus zerbitzu bat eskatu diote udalari: «Auzoa zeharkatzen duten autobus lineak ez dira pentsatu Intxaurrondoko gune ezberdinak lotzeko». Irtenbide gisa, gune horien arteko ibilbidea egingo lukeen mikrobus linea bat sortzeko proposamena lau haizetara zabaldu nahi dute.