Anoetarena izango da lehen gola
Realak Kopako finalerdiko lehen partida jokatuko du gauean Mirandesen aurka, Anoeta beteko duten milaka zalde txuri-urdinen babesarekin.
Realeko zaleek Kopa txapelketaz gozatuko dute berriro, gogoangarria izateko osagai guztiak dituen gau batean. Talde donostiarrak finalerdietako kanporaketari ekingo dio gaur 21:00etan, Mirandesen aurkako lehen neurketarekin.
Anoeta beteko duten milaka zale txuri-urdinak prest daude eztarriak berriro ere animatzen urratzeko. Imanol Alguacilen taldea faborito gisa iritsiko da kanporaketara, Real Madril bere zelaian eliminatu eta larunbateko derbian Athletic garaitu ostean. Mirandes, aldiz, txapelketan jarraitzen duen bigarren mailako talde bakarra da, baina Celta, Sevilla eta Villarreal eliminatu eta gero, finalerdian duen lekua merezimendu osoz lortu duela erakutsi du.
Kanporaketako itzulera, berriz, Miranda Ebroko Anduva estadioan jokatuko dute, martxoa hasieran. Han erabakiko da, hortaz, bietako nor izango den Sevillako finalerako pasea lortuko duen taldea.
Beste finalerdiari dagokionez, Athleticek 1-0eko emaitzarekin garaitu zuen atzo Granada, San Mamesen jokatutako lehen norgehiagokan.