Euskal Errepublikaren eguna ospatuko dute larunbatean hiriko hainbat auzotan
Ehun mugimenduak azaroan plazaratu zuen euskaldunek euren burujabetza praktikara eramateko proposamena, eta otsailaren 15ean Euskal Errepublikaren aldeko eguna ospatuko zutela iragarri zuten bere kideek. Bada, bihar errepublikaren aldeko ekitaldiak egingo dituzte Euskal Herriko hainbat herritan eta baita Donostiako auzoetan ere.
Amaran, esaterako, elkarretaratze bat egingo dute 13:00etan, Easo plazan, “Euskal Errepublika feminista ehuntzen” lelopean, eta Amara Berrin, berriz, propaganda eta panel informatiboak jarriko dituzte auzoan zehar. Igeldon, bestetik, herriko nekazaritzaren aldeko eta turismo ereduaren aurkako elkarretaratzea egingo dute eguerdian.
Egian elikadura subiranotasuna hartuko dute hizpide, eta gai horri loturiko hainbat ekitaldi egingo dituzte eguerdian. 12:00etan, mahai-ingurua egingo dute Elikadura burujabetza eta kontsumo jasangarria izenburupean, eta 13:00etan, berriz, bertako produktuen dastaketa egingo dute. Gainera, iritzi panelen bidezko ariketa parte-hartzaile bat ere egingo dutela iragarri dute.
Antiguan, azkenik, bi ekitaldi izango dituzte egunean zehar. Eguerdian, 12:00etan, Sert plazan elkartuko dira, kantu-elkarretaratze batekin Benta Berriko etxebizitzak erosi diten Blackstone funts putreari auzotik alde egin dezala exijitzeko. Gauean, berriz, Doka antzokian bilduko dira, 20:00etatik aurrera Nork Zer?!, Stronger Together eta Invisible War taldeek eskainiko dituzten kontzertuez gozatzeko.