IRUTXULOKO HITZAk 15 urte
Gaurko egunez argitaratu zen IRUTXULOKO HITZAren lehenengo alea, duela 15 urte.
Gaurko egunez argitaratu zen IRUTXULOKO HITZAren lehenengo alea, duela 15 urte. 2005eko San Sebastian bezperan hedabide honen 0 zenbakia atera ondoren, aurkezpen ekitaldia egin zuten Miramar jauregian otsailaren 16an, eta hurrengo egunean argitaratu zuten lehenengo alea. Pertsona ezagun ugari egon ziren aurkezpen ekitaldi horretan, hala nola, Roman Sudupe orduko Donostiako Udaleko EAJko eleduna, Ramon Etxezarreta PSE-EEko Kultura zinegotzia, Ramon Gomez PPko zinegotzia, Martxelo Otamendi Berria egunkariko zuzendaria, Iñaki Uria Euskaldunon Egunkaria hedabideko Administrazio Kontseiluko ordezkaria izandakoa, Josu Juaristi Gara egunkariko zuzendaria, Odile Kruzeta Euskadi Irratiko zuzendaria, Joan Mari Irigoien eta Arantxa Urretabizkaia idazleak, Ramon Agirre, Nerea Garmendia, Gorka Otxoa eta Aitzpea Goenaga aktoreak, eta Xabier Otaegi pailazoa, besteak beste. Unai eta Beñat Gaztelumendi bertsolariak ere han izan ziren, eta bertso bat eskaini zioten jaioberria zen hedabideari.
1994ko martxoan sortutako Irutxulo astekariaren oinordeko gisa sortu zen IRUTXULOKO HITZA, hiru sustatzaileren ekimenez: Bagera Euskaltzaleen Elkartea, Bertako Hedabideak eta 41 gizarte eragilek osatzen duten Donostiako Berriak Kultur Elkartea.
Egunkari moduan sortu zen, eta 2005eko otsailaren 17ko lehenengo ale hartan Jose Mari Amorrortu orduko Realeko entrenatzailea elkarrizketatu zuten, azalera eramanez. Era berean, Xabier Otaegi pailazoak idatzi zuen Loretopetik iritzi atalean, eta Altzako Historia Mintegiak egindako Felix Udakiola auzotarrak buruz ikasitako hainbat bertsolariren aleen bilduma baten inguruko erreportajea irakurri zitekeen. Bestalde, Lugaritzeko tren geltokiaren inaugurazioa eta Loiolako kuartelen auzia ziren albiste egun hartan, besteak beste.
Asteartetik igandera argitaratzen zen hasieran IRUTXULOKO HITZA, asteartetik ostiralera ondoren, eta astekari bihurtu zen 2013an. Era berean, Internetera ere saltoa eman zuen, eta www.irutxulo.hitza.eus webgunean ematen du eguneroko informazioa gaur egun. Astekari izaten jarraitzen du, baina 2018ko urriaren 5ean formatua aldatu zuen, tamaina txikiagoa izatera pasaz, baina eduki mamitsuagoak, 16 orrialde izatetik 32 izatera pasa baitzen. Astekari erakargarriagoa sortu zuen horrela hedabide honek, atal berriak ere sortuz, eta hori da harpidedunek gaur egun etxean jasotzen dutena.