Dbusen garajeen handitze lanei ekingo diote berriro
Donostiako Tranbia Konpainiaren garajeko aparkalekua handitzeko lanak berrartuko dituztela jakinarazi du Eneko Goia alkateak. Tokiko Gobernu Batzordeak 2019ko abenduaren 17an onartu zuen proiektuaren gauzatze-epea etetea, eguraldiagatik eta lursailaren lurren hezetasunagatik: “ez zuten egin beharreko lanak egiten uzten”, azaldu du Goiak.
Lanerako baldintza egokiak berreskuratuta, langileek obrarekin jarraituko dute, eta helburua izango da bost hilabeteko epean amaitzea; beraz, uztailerako amaituta izango direla aurreikusten du udalak. 2003an inauguratu zituen Dbusek garajeak, eta orain, eraikinaren iparraldean dagoen partzela erabiliko dute, horiek handitzeko. Orotara, 134 autobuseko flota du enpresak, eta gune berrian, 27 autobus gehiagorentzat lekua eraikiko dute.