Behi masaila saltsan, Aratz erara
OSAGAIAK
– Behi masailak.
– Porrua.
– Azenarioa.
– Baratxuria.
– Tipula.
– Olioa, gatza eta piperbeltza.
– Ardo beltza eta zuria.
– Koñaka.
– Onddoak.
PRESTAKETA
Behi masailak beratzen utziko ditugu bezperan, ardo beltzetan. Hurrengo egunean ardotik aterako ditugu, lehortu, eta gatza eta piperbeltza jarriko diegu. Ondoren, behi masailak frijitu egingo ditugu, eta sutan jarriko ditugu kendutako ardo horrekin. Frijitzeko erabili dugun oliotan barazkiak sueztituko ditugu. Sueztituta daudenean ardo zuria eta koñaka bota, eta flanbeatu egingo dugu. Saltsa txikitu egingo dugu, eta txinotik pasa eta gero behi masailak dauden kazolara botako dugu dena. Haragia samurra dagoenean, onddo batzuk salteatuko ditugu eta kazolara botako ditugu.
Garnizio moduan patata edo gaztaina pure bat jar daiteke. Osagarri gozo bat ere ondo gelditu daiteke, esaterako, etxeko menbrilloa edo basafruitu batzuk.
Noiz sortu zen Aratz erretegia?
Aratz sortu zen duela 30 urte inguru. Gure oinarria beti izan da etxeko jana. Zorionez, auzoa aldatzen joan da, eta horrek etengabe eguneratzera behartu gaitu. Ez dugu monotonia bizitzeko tarterik izan. Jatetxe gehiago zabaldu dituzte inguruan, eta nik uste du hori aberasgarria dela denontzat.
Nolako sukaldaritza egiten duzue?
Betiko sukaldaritza da gure oinarria, baina berrikuntzak egiten joaten gara, bezeroei aukera gehiago eta desberdinak eskaintzeko asmoarekin. Betidanik egin izan dugu hemengo hornitzaileen aldeko apustua, eta gero eta garrantzia gehiago ematen diogu horri. Horrek ahalbidetzen digu jakitea gure produktuak nondik datozen, eta horien kalitatea egiaztatzea. Gainera, gure zerbitzua eta ingurua ere aberasten du harreman horrek.
Ibaetan ez ezik, hirian ere jende askok ezagutzen du Aratz jatetxea.
Bai, gainera guk betidanik denetik egin izan dugu. Ogitartekoak ematen ditugu, eta munduko kabiar hoberena daukagu ere. Hemen bezeroek denerako aukera dute. Horrek askoz lan gehiago eskatzen du, baina erantzuna ere hobea da. Ogitarteko bat jatera etortzen dena, adibidez, ospakizun bat ospatzera ere etortzen da hona txuleta edo bisigua jatera.
Gainera, gure ordutegia oso zabala da, Gabonetan bakarrik ixten dugu, eta jendeak badaki beti daukala etortzeko aukera.
Laster izango dira Ibaetako jaiak. Zein izango da zuen plana?
Guk lan egingo dugu, garai bateko parrandak oso atzean gelditu zaizkigu [barrez].
Donostiako zein jatetxe gomendatuko zenuke?
Parte Zaharreko Casa Urola eta Txuleta, eta Mirador de Ulia.