Bi asteburu hartuko dituzte Ibaetako jaiek
Otsaila amaitzearekin batera hasiko dituzte auzoko jaiak Ibaetako bizilagunek. Bi asteburuz luzatuko dira aurtengo festak, eta iaz antolatutako berrikuntzei jarraipena emango diete, esaterako, kantu afariari.
Bihar, larunbata, lehertuko dira festak Ibaetan, eta jaietako lehen jarduera izango da pala txapelketa; 11:00etan hasiko da Lautximeneta frontoian, eta 20:30ean amaituko da. Jai batzordeak egitarau zabala prestatu du jaiek iraungo duten zazpi egunetarako, eta nabarmentzekoak dira bertsolaritza eta kirol jarduerak. Larunbatean, pala esku artean hartzeaz gain, bizikletara ere igoko dira Ibaetakoak: auzoko industrialdean kadete mailakoentzat 43. Ibaetako Jaiak Sari Nagusia egingo dute, 16:00etan.
Igande goizean, martxoaren 1ean, Ibaetako jaietako harribitxiaren txanda izango da: auzotarrek hutsik egin gabe igoko dute Aingeru Zaindariaren ermitarako bidea, jaietako erromeria egiteko. Urtero errepikatzen den puzzlearen piezak elkartuko dituzte: goizeko meza, txorizo egosia, sagardoa, trikitilarien doinua eta urtez urte oholtza gainera igotzen diren bertsolariak; Sebastian Lizasok, Andoni Egañak, eta Beñat eta Unai Gaztelumendik bertso saioa egingo dute 12:45ean.
Arratsaldean, erromeriatik jaitsiko dira Ibaetakoak eta bertsolaritzaz gozatzen jarraitzeko aukera izango dute. Hain zuzen, iaz lehen aldiz egindako bertso jaialdia errepikatuko dute Lautximeneta frontoian. Aurten, Unai Gaztelumendi, Oihana Iguaran, Sebastian Lizaso eta Alaia Martin bertsolariak arituko dira mikrofono atzean, eta Unai Elizasu arduratuko da gaiak jartzeaz.
Bost egun tregoa gabe
Asteburu batekin gutxi ez balitz, Ibaetakoek jaiekin jarraituko dute ere datorren asteburuan. Martxoaren 5etik martxoaren 9ra festak ez du etenik izango, eta adin tarte guztientzako jarduerak izango dira aukeran. Auzoko taberna eta eragileek ere jaien antolakuntzan euren aletxoa jarri ohi dute, eta batzuek jarduerak antolatu dituzte. Ostegunean, martxoaren 5ean, 19:00etan «Ipaeta Festa» egingo dute Gross garagardotegian, eta DJak eta kontzertuak izango dira han. 20:00etan, berriz, Aratz jatetxean afari herrikoia egingo dute, eta menua honakoa izango da: basa-txerri urdaiazpikoa, bakailao tortilla, Lumagorri oilaskoa entsaladarekin eta Idiazabal gazta.
Martxoaren 6an, ostirala, arratsaldetik aurrera piztuko da jai giroa, eta horren arduradunak izango dira Oria txaranga eta buruhandiak; 17:30ean aterako dira kalera, eta 18:00etan txokolate jana egingo dute. Gazteek gerria mugitu eta ahots kordak astintzeko parada izango dute askariaren ondoren, izan ere, «Playback Dantzaokea» antolatu dute 18:30ean. Jaietako lehen asteburuan bezala, bigarrenean ere bertsozaleek izango dute zer egin: 19:30ean «bertso saio ibiltari herrikoia» egingo dute Itxaso Piquer, Izarne Zelaia, Maddi Gallastegi eta Pello Basurto bertsolariekin.
Afalorduan, iaz estreinatutako beste jarduera bat errepikatuko dute: kantu afaria. Afaltzeko entsalada mistoa, paella oilaskoarekin eta barazkiekin eta ijito besoa izango dute afaltzeko parte hartzaileek. Hala ere, afalostean izango dute plater hoberenaz gozatzeko aukera: Andoni Ollokiegi bakarlariak girotutako kantaldia izango dute. Ostiraleko gaua amaitzeko, 23:30ean Guateke Tropikala egingo dute frontoian, eta 1:30ean «koxkortuenentzako», hau da, «18 urte eta askoz gehiago bete dituztenentzat», zinta lasterketa egingo dute; jai batzordekoek jakinarazi dute ezinbestekoa izango dela bizikleta eramatea.
Bigarren larunbata, martxoaren 7a, izango da Ibaetako jaietako egun potoloa, eta jai batzordeak egun horretarako antolatu du egitarau zabalena. Eguna 12:00etan hasiko dute gazteenek, eta Patata Tropikala konpainiaren Kalean otso, etxean uso ikuskizuna ikusteko aukera izango dute. Arratsaldean, haurrak izango dira ere protagonista; jai batzordeak haurrentzako jolasak antolatu ditu: lapikoak apurtzea, lokotxa lasterketa, arrautza lasterketa, zinta lasterketa, eta abar.
Ibaetako jaietan, dena ez da parranda izango, eta larunbatean, Aingeru Guardakora Igoera krosa egingo dute 17:00etan; izen-ematea Aitor Zabaleta plazako oholtzan egin beharko da. Korrikalariak lanean ari diren bitartean, Oria txarangak eta buruhandiek auzoko kaleak girotuko dituzte, eta 18:30 txokolatea askaltzeko aukera izango da. Ibaetan ere danbor zaleak dira, eta 21:15ean «danborrada herrikoia» aterako da auzora. Jai batzordekoek azaldu dutenaren arabera, arrantzalez, baserritarrez edo sukaldari jantzi zuriz joan beharko dute jantzita parte hartzaileek. Era berean, martxoaren 5ean, entsegu bat egingo dute, Ibaetako elizaren behealdean, 20:00etan.
Ohi bezala, kontzertuak antolatu dituzte aurten ere, eta hiru talde bikain igoko dira Ibaetako oholtza gainera: Izaki Gardenak, Kilimak eta Ezten Giro erromeria taldea. Kontzertuak 23:00etan hasiko dira, Lautximeneta frontoian.
Jaia eta borroka
Martxoaren 8a Emakumeen Nazioarteko Eguna izanik, arratsaldeko egitaraua bertan behera uztea erabaki dute Ibaetan, horrela, mobilizazioekin bat egiteko. Goizean, baina, antolatutako jarduerak egingo dituzte. 10:00etan, diana izango da dultzaineroekin, egunari hasiera emateko. Ondoren, 10:30ean, toka eta bote txapelketa egingo dute, eta 11:00etan eskolarteko haur krosa izango da Errotaburun. Gastronomiak ere tartea izango du auzoko jaietan: 12:30ean patata tortilla lehiaketa hasiko dute, eta parte hartzaileek 12:15ak arte izango dute tortillak aurkezteko aukera. Ondoren, sagardo dastaketa egingo dute, eta II. Argazki txapelketa amateurreko sariak banatuko dituzte; aurtengo gaia Ibaetako jaiak izango da.
Hilaren 9a egun tristea izango da Ibaetakoentzat, jaiak amaituko direlako. Haurrek, hala ere, modu zoriontsuan esango diete agur: ferietan erdi prezioan ibiltzeko aukera izango dute.