Bideak Zabalduz gala egingo dute ostiralean
Agisas Gipuzkoako gizarte integratzaile eta animatzaile soziokulturalen elkarteak antolatuta, Bideak Zabalduz gala egingo dute ostiralean, hilaren 6an, Antzoki Zaharrean, 19:00etan. ADEMGI esklerosi anizkoitzaren Gipuzkoako elkarteak eta Bihotzez sortzetiko kardiopatien elkarteak ere parte hartu dute egitasmoan, eta bakoitzaren film labur bat proiektatuko dute: Agisasen La recepcionista filma, ADEMGIren E.M. La carrera de mi vida filma eta Bihotzezen La Cima filma, hain justu.
Oscar Terol aktoreak eta Aloña Velasco kazetariak aurkeztuko dute emanaldia, eta hainbat artista ere han izango dira: Telmo Irureta, Darbouka Taldea, Lesfiguretes, Haurralde eta Uikan Dantza Taldea, hain zuzen. Antolatzaileek eskatu dute kolonia, krema, lozio eta bestelakorik ez eramatea, kalteak eragiten dizkietelako sentsibilitate anizkoitza duten pertsonei. Emanaldia doakoa izango da aretoa bete arte, eta gonbidapenak Antzoki Zaharreko leihatilan eskuratu daitezke.