Dantz jaialdiak bere eskaintza zabalduko du
Donostiako Dantz musika elektronikoaren jaialdia etengabe zabaltzen joan da urtez urte, 2017an lehenengo aldiz egin zutenetik, jaialdiaz beraz gain, urtean zehar hirian eta hiritik kanpo beste hainbat ekitaldi antolatuz. Abuztuaren 27tik 29ra egingo dute aurtengo jaialdia, eta iaz estreinatu zituzten Dantz Pointak –noizbehinkako DJ emanaldiak– ere egingo dituzte urtean zehar. Berritasun gisa, Dantz Liveak eta Dantz Shopa antolatu dituzte aurten.
Lehenengoari dagokionez, urtean zehar egingo dituzten zuzeneko kontzertuak dira, eta iragarri dute lehenengoa larunbat honetan, hilaren 7an izango dela, Tabakalerako Kutxa Kultur Kluba aretoan. Somos la Herencia talde madrildarra eta Echo talde donostiarra arituko dira lehenengo Dantz Live horretan, 21:00etan, 8-10 euroren truke. Dantz Shopa, ordea, Internet bidez ireki duen denda bat da, jaialdiaren arropa propioa erosi ahal izateko.
Era berean, aurten hamabi Dantz Point antolatuko dituzte, bai EAEko hiriburuetan, bai Gipuzkoako beste herri batzuetan. Esaterako, martxoaren bukaeran edo apirilaren hasieraren egingo dute lehenengo DJ sesioa, Lasarten, Brigaden komentuan. Irailaren 19an Irunen beste Dantz Point bat egingo dute, Ribera arte garaikidearen azokaren bat eginez.