Ekialdeko auzoetako tokiko merkataritza diruz bultzatu nahi du udalak
Donostiako Sustapenak dirulaguntza programa bat abian jarri du hiriaren ekialdeko auzoetako saltokiak berritu eta establezimendu berriak irekitzeko helburuarekin. Tokiko merkataritza sustatuz, udalak, “jarduera komertziala eta hiri-ehuna suspertzea” bilatuko du hurrengo auzoetan: Altza, Intxaurrondo, Mirakruz-Bidebieta, Egia, Ategorrieta-Ulia, Loiola eta Martutene.
Programak 200.000 euroko aurrekontua izango du, eta saltoki bakoitzak jasoko duen laguntza gehienez 5.000 eurokoa izango da. Eskaerak aurkezteko epea irekita dago jada, eta baliabide ekonomikoak agortu arte edo 2020ko urriaren 1era arte mantenduko dute zabalik.
Laguntzak Donostiako Sustapenaren webgunean eskatu daitezke. Eskaera pertsona fisiko edo juridikoek egin dezakete, baina haien establezimenduak behe solairuan kokatuta egon behar du. Saltokiaren jarduera nagusiak honako hauetakoren bat izan behar du:
- Txikizkako merkataritza (elikadura-produktuak, edariak eta tabakoa)
- Elikadurazkoak ez diren produktu industrialak
- Etxerako artikulu elektrikoen konponketa
- Garbitegiak, tindategiak
- Ile-apaindegiak eta edertasun-institutuak
- Argazkigintza-zerbitzuak eta fotokopienak
- Tabernak, kafetegiak, jatetxeak eta txurro-dendak
- Bidaia agentziak
- Irakaskuntza jarduera batzuk
- Estomatologiako eta odontologiako kontsulta klinikoak
- Naturopatia eta akupuntura zerbitzuak eta zerbitzu parasanitarioak, albaitaritzako kontsultak eta klinikak.
Enrique Ramosek, Ekonomia Bultzatzeko zinegotziak, hurrengoa adierazi du dirulaguntza programaren inguruan: “Laguntza horien bitartez, hurbileko merkataritza biztanleen kontsumo-ohituren aldaketetara egokitzea nahi dugu, eskaintza erakargarriagoa eginaz. Modu horretan, txikizkako merkataritzari erreminta berriak eskaintzen dizkiogu lehiakorragoa izan dadin”.