Haizeteak hainbat kalte eragin ditu hirian
Donostiako Udalak jakinarazi du alerta laranja iragarri dutela haize bolada indartsuengatik, eta lehenengo kalteak izan dira dagoeneko hirian. Hain justu, haizea dela eta, eguerdian zuhaitz handi bat Karlos I.aren hiribideko saihesbidearen gainean. Ez da kalterik egon, eta suhiltzaileek errepideko bideetako bat moztu egin dute zuhaitza kentzeko. Ibilgailuak normaltasunez pasatzen dira dagoeneko.
Horretaz gain, Zarategi pasealekuko zuhaitz bat ere bota du haizeak, trafikoa moztuz, eta Bulebarreko aparkalekua ere oztopatuta dago, zumardiko lorategietako zuhaitz bat erori baita. Bestalde, Ramon Maria Lili pasealekuko Lurauto kontzesionarioko erakusleihoko kristala eta Teniseko fitness areto bateko kristala hautsi egin dira. Suhiltzaileak eta Udaltzaingoa haizeak eragiten dituen kalte guztiak ahalik eta azkarren konpontzen ari dira.
Haizearengatik alerta laranja egoteaz gain, olatu handiengatik alerta horia ere eman dute, eta hiriko hainbat zonaldetan mozketak egiten ari dira, asteazken goizera arte iraungo dutenak. Pasealeku Berria, esaterako, itxita dago ibilgailuentzat, baina irekita oinezkoentzat. Parkeak ere itxi egin dituzte, baina batzuetan zonalde batzuk irekita utzi dituzte: Egiako parkean, esaterako, Mundaiz ikastetxetik Mikel Laboa zubira pasa daiteke, eta, horretarako, mugikortasun agente bat dago han. Aieteko parkea kultur etxera eta jubilatuen etxera sartzeko baino ez dago irekita, Urgull Orixe ikastetxera heltzeko soilik, eta Miramar jauregira joateko. Serafin Baroja parkea eta Oroimenaren parkea, aldiz, guztiz itxita daude.