Herrerako pilotalekua hobetu dute
Donostia Kirolakek Herrerako Estibaus udal pilotalekuko hobetze lanak bukatu ditu, instalazioetako erabiltzaileen eskakizunei erantzunez. Izan ere, inauguratu zutenetik, prefabrikatutako modulu batzuk zituen aldagela gisa, eta hori aldatzeko eskatzen zuten erabiltzaileek.
Horregatik, eraikin txiki bat egin dute pilotalekuan, bi aldagela, bi dutxa, komun bat eta materialarentzako biltegi bat dituena. Era berean harmaila txiki bat ere eraiki dute, baita pilotalekua margotu ere. Lan horiek 150.000 euroko kostua izan dute, udalaren arabera. Herrerakoaz gain, Amarako pilotalekua hobetzeko asmoa du udalak aurten, 220.000 euroko aurrekontua baitu horretarako.