Zaporeakek Lesbosen janaria banatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du
Udaletxean eginiko agerraldian, "ultraeskuindarrek duten inpunitatearekin" amaitu beharra dagoela azpimarratu du Zaporeakek, eta horretarako neurriak eskatu dizkio Europari.
“Ez dugu amore emango, ezin ditugu errefuxiatuak bakarrik utzi”. Hitz horiekin azaldu du Peio Garciak, igandean talde faxista batek Lesbosen eraso zituen hiru kideetako batek, Zaporeakek hartu duen erabakia. Harekin izan dira Zazpi Garcia eta Iñaki Alkiza, une latz hori bizi izan zuten GKEko beste bi lagunak, eta azaldu dutenez, erasoaren egunean bertan ondorioztatu zuten Zaporeakek Lesbosen bere lana egiten jarraitu behar duela.
Hain zuzen, uhartean zeuden gainerako boluntario eta kideak han geratu dira, atzo eta gaur janaria banatu ezin izan duten arren. Izan ere, hango talde faxistek errepideak mozten jarraitzen dute oraindik, eta errefuxiatuen, GKEetako kideen eta kazetarien aurka jotzen dute haiekin topo egiten dutenean, inpunitate osoz. “Poliziak berak errefuxiatuak jotzen ditu, eta baltsak erasotzen ditu ere”, azaldu dute.
Horregatik, gertatutakoaren harira izan duten oihartzuna ultraeskuinak Grezian eta Europan jarduteko duen inpunitatea salatzeko baliatu dute Zaporeakeko kideek: “Salaketa erradikalago bat egiteko unea da, Europak neurriak hartu behar ditu”.
Era berean, Lesboseko herritarren gehiengoa erasotzaileen aurka dagoela zehaztu dute: “Hango herritarrak bere babesa adierazten digu, eta errefuxiatuekin daude, baina hor lau astakirten sartzen dira eta libreki jokatzen dute”.
Elkarteari dagokionez, Euskal Herriko jendeak ematen dien babesa eskertu nahi izan dute Zaporeakeko kideek, eta errefuxiatuekiko duten konpromisoa berretsi dute ere: “Errefuxiatuei jaten ematen jarraituko dugu, guk, Europako herritarrak garen heinean, kendu diegun duintasuna berreskuratu dezaten laguntzeko”.