Gipuzkoako erresidentzietako grebalariek itxialdi mugagabea egin dute Emakumeen Etxean
Gipuzkoako erresidentzietako langile grebalariak Donostiako Emakumeen Etxean sartu dira era baketsuan, itxialdi mugagabe baten bitartez erakunde publikoen “propaganda feminista” salatzeko. Grebaren 233. egunean sartu dira Emakumeen Etxean, martxoaren 8aren atarian, euren borroka sozializatzeko beste urrats bat eman behar dutela nabarmenduz. Lan gatazkak blokeatuta jarraitzen duela azaldu du ELA sindikatuak, eta grebalariek gogoratu dute beraiena greba feminista bat dela, zaintza bera borrokaren erdigunean jarriz.
Era berean, grebalariak minduta agertu dira Eider Mendozak, Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak, atzo mugimendu feministaren alde egindako adierazpenekin, propaganda direla nabarmendu dutelako: “Gure 233 greba egunetan egunero Aldundiari esan eta eskatzen dioguna da Mendozak aipaturikoa. Txantxa izan beharko da, 233 egun hauetan justu kontrakoa egin baitute”.