Erresidentzietako langileek "premiazko" bilera bat eskatu diote Foru Aldundiari
Gipuzkoako erresidentzietako langileek 234 egun daramatzate greban, eta atzo itxialdi mugagabea hasi zuten Emakumeen Etxean, erakundeen aldetik jasotzen duten “tratu txarren aurrean” babesa eskatzeko. Gaur goizean agerraldia egin dute, eta adierazi dute Gipuzkoako Foru Aldundiari “premiazko” bilera bat eskatu diotela.
Grebalariak minduta agertu dira Eider Mendozak, Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak, duela pare bat egun mugimendu feministaren alde egindako adierazpenekin, propaganda direla nabarmendu dutelako: “Bilera eskaerari erantzun bat ematea espero dugu, bai behintzat eurek esandakoarekin koherente izan nahi badute”, azaldu dute grebalariek. Gainera, gehitu dute aldundiaren aurrean “babesik gabe eta irainduak” sentitzen direla.
Lan gatazkak blokeatuta jarraitzen duela azaldu du ELA sindikatuak, eta grebalariek gogoratu dute beraiena greba feminista bat dela, zaintza bera borrokaren erdigunean jartzen duen lan gatazka bat, hain zuzen. Martxoaren 8aren atarian erabaki dute itxialdia egitea, aldundiak Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira publikoki hartutako konpromisoak betetzeko eskatzeko: “Martxoaren 8ko adierazpenean hartu dituen konpromiso horiei buruz hitz egin nahi dugu, besteak beste, soldata arrakalaren erradikazioari buruz, zaintza lanak emakumeen bizkar uzten dituen antolamenduari buruz, baita Gipuzkoako erresidentzietan ematen den zaintzaren kalitateari buruz ere”, esan dute.
Erresidentzietako langileen ustez aldundiak lan gatazkaren konponketa errazteko ardura osoa du, %90ean finantzatzen duelako zerbitzu publiko hori. Gainera, salatu dute aldundiak badakiela erresidentzietako langileek %30eko soldata arrakala pairatzen dutela. “Ardura zuzena duenik ezin ukatu, aukera paregabea dauka soldata arrakala ezabatu nahi badu. Baita kontratu prekarioak ezabatu nahi baditu ere”, adierazi dute.
Erresidentzietako langileek, beraz, ez dute jakinarazi noiz arte iraungo duen itxialdiak. Grebalariek Emakumeen Etxea aukeratu dute babeslekutzat dutelako; horregatik, eskerrak eman dizkiete Emakumeen Etxeko langileei eta elkarteko emakumeei, agertutako ulermena eta babesagatik. Amaitzeko, honakoa adierazi dute: “Gipuzkoako erresidentzietako langileok gure aldarrikapenak lortu arte borrokan jarraituko dugu. Gora borroka feminista!”.