Martxoaren 8aren inguruan antolatutako egitaraua aurkeztu du Duñike Agirrezabalaga zinegotziak
Igandean, Emakumeen Nazioarteko Eguna izango da, eta Duñike Agirrezabalagak, Berdintasun zinegotziak, aldarrikapenerako egun beharrezkotzat jo du martxoaren 8a: “Beharrezkoa zaigu eskubide berdintasuna eskatzeko, soldata arraila desagerrarazteko, eta sexu erasoak behingoz amaitzeko, besteak beste”, esan du. Agirrezabalagak Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltan udalak antolatutako egitaraua aurkeztu du gaur. Era berean, Donostiako Udalak erakunde adierazpen bat onartu du, eta martxoaren 8aren harira, udalean ordezkaritza duten alderdi guztietako ordezkariek ostiralean jakitera emango dutela azaldu du.
“Urrats garrantzitsuak egin dira gure hirian. Hala ere, lan handia dugu egiteko, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna oso-osoa izan dadin. Erakunde publikoek ekintzak eta programak sustatu behar dituzte, batetik, arraila murrizteko, eta, bestetik, gure gizartean gertatzen diren bereizkeria egoerak desagerraraz ditzaketen jarrerak eta erabilerak bultzatzeko; bereziki, emakumeen aurkako abusuak eta erasoak direla eta”, adierazi du zinegotziak.
Aste bukaeran, udaletxeko argiztapena morea izango dela azaldu du, eta jakinarazi du Donostiako Udalak eta Berdintasuneko Kontseiluak mugimendu feministak antolatu duen manifestazioan parte hartuko dutela.
Donostiako Haurtxokoek eta Gaztelekuek, Donostia Kulturak, Berdintasun Sailak, emakumeen elkarteek eta mugimendu feministak askotariko jarduerak antolatu dituztela azaldu du zinegotziak. Egitarau osoa biltzen duen kartela Concetta Probanza diseinatzaileak egin du: “Kartelean emakumeen aniztasuna adierazten da, eta indarra zein aliantzak nagusitzen zaizkie ezberdintasunei”, esan du Agirrezabalagak.
Honako estekan ikusi daiteke Donostiako Udalak martxoaren 8rako prestatu duen egitarau osoa.