Udalak TAO zerbitzua mantenduko du
Hiria alerta egoeran dagoen arren, TAO sistema funtzionamenduan mantentzea erabaki du gaur Donostiako Udalak, koronabirusaren hedapena mugatzeko neurrien artean. Hain zuzen, hiriak bizi duen egoeraren lehentasuna pertsona eta ibilgailuen mugimendua “ahalik eta gehien murriztea” dela zehaztu du udalak, eta, zentzu horretan, harturiko erabakia “koherentea” dela argudiatu du.
Antza denez, neurriak zeresana eman du, udalak azken orduetan TAO zerbitzuari buruzko kontsultak egiteko hainbat dei jaso dituelako, baina Udal Gobernuak ez du atzerapausorik eman: “Udalak egoera aztertu du hiriko segurtasun arduradunekin (Udaltzaingoa eta Ertzaintza) eta Mugikortasun departamentuarekin, eta ulertzen du beharrezko dela aparkalekuen aratzearekin jarraitzea”.
Aparkalekuen kontrola autoz egingo dute eta ez oinezko agenteekin, eta udalak jakinarazi duenez, arreta berezia jarriko diote TAO komertzialaren eta zamalanen guneei, oinarrizko hornidurentzako libre egon daitezela bermatzeko. Hala ere, alarma egoerak iraun bitartean, bertakoen bineta duten ibilgailu guztiek TAO komertzialaren guneetan aparkatu ahal izango dute.