Correosen langileek enpresaren "arduragabekeria" salatu dute
Egiako banaketa unitateko langileriaren zati batek banaketa etetea erabaki du, "arduragatik eta norberaren eta herritarren osasunagatik". Zuzendaritzak presionatu egin dituela salatu dute.
Gipuzkoako Correoseko LAB, ESK eta ELA sindikatuek koronabirusaren harira pairatzen ari diren egoeraren berri eman dute ohar batean. Azaldu dutenez, Correos enpresak protokolo berri bat ezarri zuen, osasun alarma egoerari aurre egiteko ezohiko neurriekin. Sindikatuek salatu dute langileen babes eta segurtasunerako giltzarriak diren hainbat puntu ez direla betetzen ari: banaketan ari diren langileen artean eskuak ura eta xaboiarekin edota desinfektatzailearekin garbitzeko neurria ezin da aurrera eraman, enpresak ez baitu gel desinfektatzailerik banatzen langileen artean.
Azaldu dutenez, gauza bera gertatzen ari da unitateen arteko ibilbideak eta loturak egiten dituztenen arteko sarrera eta irteeretan: “gehienek ez dituzte instrukzio argirik nola jokatu behar duten jakiteko, eta, beraz, protokoloa ez dira betetzen ari”.
Egoeraren aurrean, Egiako Tejeria kalean dagoen banaketa unitatean, langileriaren zati batek banaketa ez egitea erabaki du, “arduragatik eta norberaren eta herritarren osasunagatik”. Zuzendaritzaren erantzuna langileak presionatzea izan dela salatu dute, lanaldia betetzen ari ez direla argudiatuta. Polizari deitzeko mehatxua ere jaso dute enpresaren aldetik, lantokitik ez irtetekotan.
Sindikatuek argi utzi nahi izan dute langileak ez direla lan egitera ukatu, banaketa egieari ezetz esan diotela baizik, babes neurririk ez dauden bitartean: “Arduradunen arduragabekeriak ezin du babes ezarik ekarri langile eta auzokideentzat. Babes baliabiderik gabe ez da banaketarik egongo, gure eta herritarren osasunaren defentsan”.