Askatasunaz eta mugez
’80 egunean’
Zuzendariak: Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga
Herrialdea: Euskal Herria
Urtea: 2010
Koronabirusaren krisia dela eta, herritarrok etxean geratzeko agindua jaso dugu. Batek daki noiz arte. Horregatik, telebista eta plataforma guztiek ikus-entzunezko eskaintza areagotu, eta badauzkagu film eta telesail nahikoa eskuragai luze asetzeko. Baina oraingoz batek bakarrik eskaintzen digu 50 euskal filmez osatutako bilduma bat, Filmin Euskaraz. Filmin plataformak (7,99 euro /hilabetean) euskarazko lehen streaming kanala kaleratu zuen urte hasieran, eta orain da garaia -edo orain dugu denbora- ikusi gabe ditugun euskal film onenetarikoak ezagutu edo hauek berrikusteko.
Has gaitezen, adibidez, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren 80 egunean (2010) berreskuratuz. Gozagarria izan baita niretzat oso hamar urte ondoren altxor hau berriro ikusi eta, denbora pasa ahala, indar bera duela egiaztatzea.
80 egunean maitasun -edo desamodio- filma izateaz gain, zahartzaroan laguntasuna, askatasuna eta desira mahai-gaineratzen dituen filma da ere. Axun eta Maitek ospitaleko logela batean egingo dute topo. Berrogeita hamar urte igaro dira azken aldiz elkar ikusi eta kontrako bi bide hartu zituztenetik, baina topaketa honek garai hartako oroimenak ekarriko dizkie gogora. Bai eta garai hartako sentimenduak berpiztu ere. Laguntasunetik haratago dauden sentimenduak.
Aurrerantzean, aitzakia onik ez badu ere, Axun ospitalera joango da egunero. Eta Maiteren eskutik, 80 egunetan, hankaz gora jarriko du bere bizitza. Egunerokotasuna alde batera utzi eta baserritik kanpo bizitzeko beste era bat dagoela ikusiko du. Bizirik eta aske sentiarazten duen bizimodu bat. Baina norberaren familia eta erantzukizuna atzean uztea ez da inoiz erraza. Azken finean, Axunek maite du bere senarra eta bere buruari ere ezartzen dizkio mugak.
Filma oso sakona bada ere, gidoia arina da oso. Naturaltasun handiz azaltzen dute Garaño eta Goenagak errealitate konplexu hau, sentimentaltasuna saihestuz. Gainera, Itziar Aizpuru eta Mariasun Pagoagaren antzezlana hain da errealista, hunkigarria dela benetan beraien arteko harremana. Eta ikusleak enpatia handia sentitzen du.
80 egunean filma ausarta da oso, jorratzen duen gaiagatik – homosexualitatea hirugarren adinekoen artean-, bi emakume adindun protagonistak izateagatik, euskal zineman lehen aldiz errealitate hau irudikatzeagatik, eta baita euskaraz filmatua izanagatik ere. Gainera, Axun eta Maiteren istoriotik abiatuz, Garaño eta Goenagak belaunaldi oso bat irudikatuko dute: aurreiritziak eta gizarteko arauak baztertu ez izanagatik, nahi bezala bizitzeko aukera izan ez duen belaunaldi oso bat. Gure aiton-amonen belaunaldia.
Horrexegatik, filma oso saritua izan da, bai Donostiako Zinemaldian Donostia Film Comissionen saria eta Gehitu elkartearen Sebastiane saria irabaziz, baita Txekiar Errepublikako, Italiako, Frantziako eta Alemaniako hainbat Zinemalditan.
Eta behin altxor hau ikusita, Jon Garañoren eta Jose Mari Goenagaren Loreak (2014) filma berrikustea da nire gomendioa. Filmin-en aurki dezakezue beste askorekin batera: Maider Oleagaren Muga deitzen da pausoa (2018), Koldo Almandozen Oreina (2018), Roberto Castonen Ander, Oier Aranzabalen Margolaria (2019), Asier Altunaren Amama (2015) eta Aitor eta Amaia Merinoren Asier eta Biok (2014), besteak beste.
Beraz, badakizue, hurrengo asteotan #etxeangeratu eta #FilminEuskaraz ikusi.