Igarotako bidearen kronologia bat

Donostia Ospitalera egunero igotzen diren langileei bizikleta elektrikoak uzteko kanpaina hasi du Kalapie elkarteak

kalapie

Koronabirusak eragindako egoera ezohikoen aurrean, erakundeak ez ezik, herritarrak eta herri mugimenduetako eragileak ere ari dira antolatzen. Kalapie Hiriko Txirrindularien Elkarteak kanpaina bat jarri du abian, #BolondresBizikleta lelopean, Donostiako ospitalera egunero igotzen diren langileei bizikleta elektrikoak uzteko asmoz.

“COVID-19ak mundu mailan sortu duen egoera honen aurrean, ahal degun eremutik, gure laguntza eskeini nahi dugu”, adierazi dute. “Egoera gogor honetan, bai segurtasuna, baita denbora ere, oso garrantzitsuak dira, eta bizikleta elektrikoa eguneroko joan etorriak egiteko oso egokia izan daitekeela uste dugu, horiek azkarrago egiteko aukera ematen duelako”, azaldu dute. Era berean, langile bakoitzak joan etorria bakarrik egitean, garraio publikoan edo taxian sortu daitezkeen kutsadurak saihestuko direla uste dute.

Bilketarekin hasteko, galdetegi digital bat ireki dute bizikleta elektriko bat utzi edo bizikleta elektriko bat behar eta Donostia Ospitaleko langile den edonork erantzun dezan: “Galdetegi horretan, etxeko helbidea galdetuko zaizue, eta ondoren, zuen etxeetatik 500 metrora baino gertuago bizi zaretenoi kontaktuan jarriko zaituztegu bizikleta elkar trukatzeko. Datu guztiak konfidentzialak izango dira”, azaldu dute elkartekoek. Gainera, trukea “modu boluntarioan” egingo bada ere, jakinarazi dute bizikleta trukatuko duten bi pertsonen artean, kontratu digital bat egiteko erraztasuna emango dutela.

Trukean parte hartzen duten herritarren segurtasuna bermatzeko, bete beharreko honako baldintzak zehaztu ditu Kalapiek:

  • Elkartrukatzeko momentuan, bizikleta jasoko duen pertsona izango da bizikleta emango duen pertsonaren helbidera gerturatuko dena.
  • Bizikleta trukatzean 1,5 metroko segurtasun tartea errespetatu.
  • Bizikleta utziko duen pertsonarentzat: eskularru batzuk erabilita, bizikletaren ukabilak, giltzarrapoa eta giltzak alkohol edo lejiarekin garbitu.
  • Bizikleta jasoko duen pertsonarentzat: eskularruak erabili, eta eskuak likido desinfektante edo xaboi eta urarekin garbitu bizikleta hartu aurretik eta uzten duzunean.
HITZAkide HITZAkide