Miguel Angel Diez eta Cristina Lage zinegotziak koronabirusarekin kutsatu dira
Alkateak jakinarazi duenez, Miguel Angel Diez eta Cristina Lage zinegotziek positiboa eman dute COVID-19aren frogan. Koronabirusarekin kutsatu diren udalbatzako lehen zinegotziak dira, eta dagoeneko isolamendu egoeran daude. Diez ospitalean dago, eta Lage, berriz, bere etxean, sintoma arinagoekin.
Momentuz biak ongi daudela jakinarazi du Eneko Goiak, zinegotziek euren egoeraren berri emateko baimena eman diotela zehaztu ostean, eta “besarkada birtual bat” bidali die biei. Era berean, beste sei udal langilek ere birusaren frogan positiboa eman dutela azaldu du alkateak, eta beste kasu gehiagoren zain daudela adierazi du, protokolo guztiak behar den modura betetzen ari direla azpimarratuz.
Lage eta Diez, PSE-EEkoak biak, Turismo Jasangarriko zinegotzia eta Bide Publikoetako zinegotzia dira, hurrenez hurren.