Aldi baterako erregulatzeko espedienteak aurkeztea aztertzen ari da Udala
Donostiako udala enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak (ERTE edo ABEEE) aurkeztea aztertzen ari da, sozietate publikoetan eta azpikontratatutako zerbitzuetan. Eneko Goia alkateak esan duenez, espediente hauek langileen “baldintza ekonomikoak” eta “egonkortasuna” bermatuko lukete, pandemia amaitu eta gero.
Internet bidez egindako prentsaurrekoan, Gasteizeko Tuvisa enpresan tramitatutako ERTEak bezalako neurriak hartuko diren galdetuta, Goiak “planteatu daitekeela” erantzun du. Kontratazio saila kontratu eta zerbitzu bakoitzaren egoera aztertzen ari dela aipatu du, eta egitekotan, “langileentzako bermeekin” izatea nahi dutela azpimarratu du, langileen baldintza ekonomikoak mantentzeko interesa ere aipatu du, horren harira.
Aitzole Araneta Elkarrekin Donostiako zinegotziak gai honen harira adierazi duenez, “Udal langileen baldintzak eta soldatak mantentzeak, bai enpresa publikoenak, bai azpikontratatutako zerbitzuenak, udal honen lehentasunetako bat izan behar du”. Horretarako, dagokion organoetan egoera zein den jakinaraztea beharrezkoa dela aipatu du, eta diagnostikoa egin ondoren, gobernuak “sektorearteko mahai batean” landu behar duela sindikatuekin eta gizarte- eta lan-eragileekin batera.