Donostiako obrak eten egingo dira gaurtik aurrera

Hiri Proiektutako zinegotziak, Marisol Garmendiak, gaur goizean azaldu duenez, enpresa eta kontrata guztiei agindua eman diete hirian egiten ari ziren jarduerak geldiarazteko. Neurriak bete-betean eragiten die hirian martxan dauden zenbait lani, hala nola, Antiguako tuneletik gertuen dagoen zatian Kontxako barandaren lehen zatia berritzeko lanei, inguru horretako bidegorriaren eraisteari eta desbideratzeari; Antso Jakitunaren hiribideko espaloiak berritzeari, izan ere, bigarren etxadian lanak hasita zeuden; Altzako kiroldegiari, Espartxoko eta Astiñeneko zubiei, eta Anoetako lanei. Donostiako Udalak ez du baieztatu Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoak diren lanekin zer gertatuko den, esaterako, Metroaren lanekin eta hastear ziren AHTaren obrekin.
Obra publikoez gain, lan pribatu guztiak ere bertan bera gelditu behar dira. Salbuespen bakarra dira mantentze lanak edo larrialditakoak, betiere funtsezkoak badira. Espainiako Gobernuak atzo argitaratutako Errege Lege Dekretuak gaurko eguneko tartea uzten du funtsezkoak ez diren jardueratan ari diren langileek “ezinbesteko jarduerak” egin, itxi edo amaitu ahal izateko, hala nola, makinak gelditu eta jarduerari lotutako beharrezko kudeaketak egiteko, obretako langileen kasuan. Udalak ere 24 ordu horiek erabiliko ditu.
Era berean, udalaren eskumena diren beste hainbat esku-hartze ere geldituko direla jakinarazi dute, esaterako, Hobetu enpresak garatzen dituen eguneroko galtzadetako lanak: “Ekintza puntualak eta egunerokoak dira: lauzak adabakiak jartzea, espaloiak berritzea edo, duela egun batzuetatik egiten zuten bezala, Bizkaia pasealekuko areka berritzea. Gaur bertan aprobetxatzekoa zen jarduera jaitsiera, hirian asfaltatze batzuk egiten hasteko, eta, logikoa denez, itxaron egin beharko dute “. Parke eta lorategien zerbitzuak ere jarduera eten du, eta bide-garbiketa eta desinfekzioa eta zabor bilketa baino ez dira mantenduko.
Pedro Sanchez Espainiako presidenteak azaldutakoaren arabera, neurri berria apirilaren 9ra arte egongo da indarrean.