Mikel Laboaren azalean jarri da Nerea Arriola, 'Gorabeherak' websail berriaren lehen atalean

Ttap aldizkaria berritzearekin batera, Gorabeherak websaila estreinatu du hedabide digitalak. Berriak joan den martxoaren 20an iragarri zuenaren arabera, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan edizio propioak zituen aldizkariak, eta, orain, edizio bakarrean bilduko dituzte guztiak. Edizio bateratuak atal eta kolaboratzaile berriak izango ditu, eta berrikuntzen artean, Gorabeherak websailaren sorrera nabarmendu dute hedabidekoek.
Monika Belastegi aldizkariko zuzendariak Berriari adierazitakoaren arabera, websailaren planteamendua “sinplea” da: “Igogailu bat egongo da, hildakoak zerura eta infernura eramango dituena». Igogailu horren arduraduna Ramon izango da, igogailuzaina, eta Kepa Errastik antzeztuko du bere papera. “Egoera xelebreak” biziko ditu igogailuan gora eta behera ibiliko diren pertsonaiekin, eta horietako batzuk Euskal Herrikoak izango dira, beste batzuk, aldiz, atzerrikoak. Nerea Arriola aktore donostiarrak antzeztuko ditu pertsonaia horiek. Hain zuzen, lehen ataleko protagonista da Mikel Laboa abeslari donostiarra.