Bat Etorri elkarteak kezka adierazi du adinekoen egoeraren aurrean
Bat Etorri Gipuzkoako Pentsio Sistema Publikoaren defentsarako plataformak COVID-19a dela eta, adineko pertsona askok pairatzen duten egoeraren aurrean kezka adierazi dute, batez ere egoitza batzuetan gertatzen ari denaren aurrean. Eskatu dute gune hauek kontrolatzeko eta gainbegiratzeko “neurririk handienak” hartu behar direla, eta arreta “duina” bermatu behar zaiela, bai adinekoei eta baita osasun langileei ere.
Azpimarratu dute adinekoei arreta ematea ongizate estatuaren zutabeetako bat dela, eta egungo krisia gainditzeko erabaki sozial “ausartagoak” behar direla. Pertsona edo familiarik etxerik gabe edo baztertuta ez geratzeko, oinarrizko diru sarrera duin baten ziurtasuna eskatu dute, “egoera ekonomiko larrian dauden guztiei bizitza duina bermatzeko”.