Ikusgai dago Sarek eta Etxeratek egindako euskal presoei buruzko saio berezia
Koronabirusaren pandemiaren aurrean hartutako neurriek gogor kolpatu dituzte ere espetxeak eta presoak. Euskal presoen senideek espetxeetara bisitan joateko murrizketaren aurrean, Sare herritarrak eta Etxeratek euskal presoei elkartasuna adierazteko saio berezi bat eman zuten joan den ostiralean.
Saio berezia euren sare sozialetan eta Hamaika Telebistan eman zuten, eta dagoeneko ikusgai dago online. Saio berezi horretan, hainbat pertsonak hartu zuten parte: presoen eskubideen aldeko eragileetako kideek, kultur munduko artistek, senideek, eta abar. Gainera, elkartasuna eta presoenganako beroa zabaltzeko, egun berean beste jarduera bat proposatu zuten: “Atera zure aldarrikapenaren argazkia edo bideoa eta igo sare sozialetara, #EtxeanNahiDitugu eta #NiEtxeanGeratukoNaiz traolak erabiliz”, eta herritar ugari izan ziren proposamenarekin bat egin zutenak.
Gaur egun, hogei preso donostiar daude espetxeratuta, eta IRUTXULOKO HITZak Sare herritarreko Inaxio Oiartzabalekin hitz egin du horien egoerari buruz. Horietako preso bat da Jagoba Codo, hain zuzen, preso gaixoen kolektiboko preso donostiarra. Haren izeba Gentzane Callejo ere elkarrizketatu dugu, eta ostiraleko astekarian izango da erreportaje osoa irakurtzeko aukera.