"Barrexerka bera txiste txarrez osatua dago"
Barrexerka taldeko kideei txiste txarrak “ikaragarri” gustatzen zaizkie, eta horregatik, konfinamendua arintzeko asmoz, “txiste txarren txalentxa” bota zuten duela egun batzuk sare sozialetan. Dagoeneko pertsona ugarik egin dute bat erronkarekin, eta txiste txarrak kontatzen grabatu dute euren burua. Barrexerkakoek erronka zabaldu nahi dute lau haizetara, eta herritarrak animatu dituzte umorez itxialdi egunak betetzera.
Barrexerkako kideak dira Maialen Sorzabalbere eta Mikel Irazusta, eta horri buruz hitz egin dugu haiekin.
Nola bururatu zitzaizuen txiste txarren erronka egitea?
Astero biltzen jarraitzen dugu bakoitza bere etxean egon arren. Aurreko astean bildu ginenean, txalentxak ziren sare sozialetako protagonista. Guk ere entretenimenduari gure aletxoa jarri nahi izan genion, umore pixka bat ekartzearren egoera honetara. Eta txalentxak pil-pilean zeudela ikusi genuenez gure kutsua zuen bat sortzea polita iruditu zitzaigun.
Instagramen munduan atzerritarrak garenontzat… Zer da ‘txalentx’ bat?
Guk geuk ere ez dakigu oso ondo zer den [barrez]. Iruditzen zaigu “ezetz ausartu” moduko bat dela. Ezetz ausartu txiste txarren bat botatzen gure kasuan.
Koronabirusa edozeinen umorea ozpintzeko gai izaten ari da… Zer egin dezakegu umorea ez galtzeko?
Garrantzitsuena ingurukoekin harremanetan jarraitzea da. Jendearekin gustura hitz egiten gabiltzanean nahi gabe ateratzen zaigu umorea. Edozein aitzakia hartu behar dugu barre egiteko. Beti dator ondo irribarre bat ateraraztea ondokoari, eta egun hauetan are gehiago. Jendeak barre egiteko premia duela nabari da.
Txiste txarrei txarrak abizena jartzen diegu, baina askotan grazia gehien egiten dutenak dira. Zergatik deitzen diegu txarrak?
Bereziki galdera zaila eta ona da ez baitago inon zehaztuta muga! Guri txiste txarrak ikaragarri gustatzen zaizkigu. Esan daiteke Barrexerka bera txiste txarrez osatua dagoela. Umore absurdoa da gure ardatza. Eta ez da kasualitatea, hoberen funtzionatzen dutenak dira askotan. Ez dakigu zergatik deitzen diegun txarrak askotan hoberenak dira eta! Gora umore absurdoa!
Kulturgileentzat ere une zailak izaten ari dira, nola ikusten duzue eragingo duela antzerkigintzan honek guztiak?
Batek daki honek guztiak ekarriko duena, gertatzen ari dena berria da guztiontzat. Garbi dago antzerkigintzari, beste lanbide askori bezala, izugarrizko kaltea eragin diola. Egoera arruntetan ofizio zaila baita. Milaka emanaldi bertan behera gelditu dira. Ezjakintasuna dago zer gertatuko den emanaldi horiekin etorkizunean. Baina orain, garrantzitsuena osasuna da. Ea ahalik eta azkarren pasatzen den olatu hau eta denok itzul gaitezkeen antzokietara.
Zertan dabil orain Barrexerka?
Bada, isilik, baina ez geldirik harrapatu gintuen egoerak. Coronavirusaren aurretik Barrexerka kideok emanaldi berri bat prestatzen ari ginen. Herriz herri egon ostean, udaberrirako Donostiara itzultzea genuen pentsatuta, esketx eta antzerki berriekin osatutako emanaldi baten estreinaldiarekin. Apirilaren 30an, Gazteszenan genuen hitzordua, Olatz Salvador gonbidatu gisa. Ekitaldi guztiak bezala hori ere bertan behera geratu da. Grabaketak eta entseguak ere bertan behera utzi genituen egoera honetan sartu ginen lehen egunean, badaezpada.
Baina argi dugu, emanaldi hau aurkeztuko dugula Donostian lehenago edo beranduago: itzuliko gara! Barre tourrari dagokionez, azken geltoki bat dugu: Tolosa. Ikusiko da egoerak nola egiten duen aurrera. Oraingoz, sormen eta edizio lanak gauzatzeko aprobetxatzen ari gara egoera hau. Garbi dugu eta egoerak ez duela umorea etengo!