Donostiako Orfeoiaren 'Hallelujah'
Leonard Cohen musikariaren abesti ezaguna interpretatu dute, eta izugarri zabaldu da sare sozialetan.
Donostiako Orfeoiak elkartasuna eta maitasuna helarazi nahi die COVID-19 birusak kaltetutako pertsona guztiei, eta baita egoerari aurre egiteko borrokan dabiltzanei. Horretarako, abeslarietako batzuk –40tik gora– ahotsak batu dituzte Leonard Cohen musikariaren Hallelujah kantuaren bertsio eder hau egiteko. Arrakasta izugarria izan du, eta azkar zabaldu da sare sozialen bidez. Jada 15.000 ikustaldi baino gehiago ditu.
Ane Urrutikoetxea Orfeoiko kidea da. Irutxuloko Hitzari azaldu dio ez zuela “horrenbesteko arrakasta” espero, eta pozik daude emaitzarekin. Zergatik grabatu duten kanta bat? “Musikari pila bat hasi ziren bere burua grabatzen, eta bere kantak zabaltzen Internet bidez. Guk ere zerbait egitea pentsatu genuen, baina orfeoi bat izanik, zaila izango zela uste genuen”.
Proba bat egin zuten Orfeoi Gaztearekin, Gatiburen Euritan kantarekin, eta emaitza gustatu zitzaienez, beraiek ere animatu ziren. “Gu, ordea, askoz gehiago gara, eta konplikatuagoa izan da. Orfeoiko kide batek pianoa ere jotzen du, eta berak grabatu du musika pianoarekin. Grabaketa hori kide guztiei pasa diete, eta bakoitzak bere etxetik, bere burua grabatu du eta musika horren gainean kantatu du”.
Urrutikoetxeak hartu du bideo horiek guztiak elkartzeko ardura: “Ez da erraza izan denak ondo sinkronizatzea, 40 kide baino gehiagoren piezak elkartu behar izan ditut, baina oso pozik gaude arrakasta izan duelako”. Konfinamendua luzatuko denez, agian beste bertsioren bat egiteko aukera izango dutela adierazi du.