"Atzean Zuloakoak oso bideo informalak dira"
Atzean Zuloa Youtubeko kanaleko aktoreak dira Nerea Aranburu eta Ivan Aizpurua aktoreak, eta kanalari buruz hitz egin dugu beraiekin. Laster bukatuko dute denboraldia, hainbat bideo argitaratu baitituzte dagoeneko: Begirale Eternoa, Nostalgikoa, Bertsofilikoa, Kokologista, Gidabaimenik gabea, Egunean Behin frikia, Lo txarrekoa, Azal lodikoa eta Bozgorailu ibiltaria.
Nola prestatzen dituzue zuen pertsonaiak?
Nerea Aranburu (N.A.): Ez dago prestakuntza asko. Testua ikasten dugu, Hiru Damatxokoek janzkera aldetik esaten digute zerbait berezia nahi duten, esan diguten lekura joaten gara, eta hasi egiten gara. Atzean Zuloakoak oso bideo informalak dira.
Ivan Aizpurua (I.A.): Eszenografikoki, ez dute zerbait artistikoa bilatzen, baizik eta pertsona, elementu batzuk eta zer egiten ari den. Horrekin, euren jolasa egiten dute beraiek. Nik testua ahalik eta hoberen ikasi behar dut, gero jolastu ahal izateko. Testua etxean ikasten dut buruz, edo kalera atera gintezkeenean, parke batean paseatzen nuen bitartean.
N.A.: Dokan egin genuen bakarrizketa, hain zuzen, horrela ikasi genuen.
I.A.: Bestalde, pertsonaia batzuk hobeto ateratzen zaizkizu eta beste batzuk okerrago, baina azkenean zure ahotsa da beti.
N.A.: Bai, eta batzuetan pertsonaiekin identifikatuta sentitzen zara, ‘esan duen hau nik noizbait esan izan dut’, pentsatzen duzu.
Hori da zuen pertsonaien bereizgarria, ezta? Agian ez zara guztiekin identifikatuta ikusten, baina ziu norbaitekin gogoratzen zarela bideo bat ikustean.
N.A.: Bai, nik uste dut beti ikusten duzula ezagutzen duzun zerbait.