"Egunetik egunera saiatu behar duzu zure burua motibatzen"
Hernani Arraun Elkarteko arraunlaria da Estitxu Zabala donostiarra, eta euren egoera ere erabat aldatu da konfinamenduarekin. Bakoitza bere etxean entrenatzen ari da, helburu jakin bat izan gabe, liga ere airean baitago.
Zein egoeratan dago zure taldea?
2015ean atera genuen lehen aldiz emakumeen trainerua, eta urtez urte mantendu dugu, 2019ra arte. Guk zortea izan dugu, emakumeen arraunean ez baita erraza jarraipena lortzea. Hemen denak ekonomikoki ezeren truke gaude, eta gure asebetetzea guztiz pertsonala da. Ordu asko eskaini behar zaizkio, eta taldearengatik gaude hemen.
Aurten, lehengo urtean baino etxeko talde handiagoa genuen, eta ilusioarekin hasi ginen. Hala ere, larri genbiltzan, eta ikasketak direla edo lana dela, bidetik batzuk erori egin zaizkigu. Horregatik, arrazoi pertsonalak tarteko, ikusi dugu ezin zela aurrera egin, eta konfinamendua hasi baino pare bat aste lehenago erabaki genuen trainerua ez ateratzea. Beraz, dena batera etorri zaigu.
Batel liga ere egiten ari zineten, ezta?
Erabaki zenean ez genuela trainerua aterako, sei edo zazpi neska batel liga bukatu arte prest geunden. Hor ginela etorri zaigu egoera hau. Konfinamendua hasi baino astebete lehenago jokatu genuen batel ligako azken estropada, eta duela bi aste jakin genuen bertan behera gelditzen zela.
Etxean entrenatzen ari zarete?
Bai. Egoera hau hasi zenean, klubeko mutil eta nesken artean materiala banatu genuen, bakoitzak ergometro bat eraman zuen, eta ordutik etxean entrenatzen ari gara. Gainera, ergometroa sekulako trastea da. Orain dela hilabete esan izan balidate ergometro bat izango nuela etxean, ‘bai zera!’ esango nuke.
Gogorra da, kirol honek duen gauzarik politena talde kirol bat dela eta kanpoan egiten duzula da. Azkenean, zure eguneroko familia taldekideak bihurtzen dira. Orain, bakarkako kirol bat da eta ergometroarekin gabiltza, entrenamendutik gutxien gustatzen zaigun partea dela. Gainera, garai honetan uretan entrenatuko genuen, baina etxean entrenatu behar dugu.
Taldekideekin bideo dei bidez konektatzen zara entrenatzeko?
Gure aldetik, saiatzen gara egunero hitz egiten, errutina bat egiten eta entrenamenduak komentatzen. Entrenamenduak moldatuta ditugu, ezin duzulako uretan egingo zenukeena ergometroan egin, askoz gogorragoa da eta bakarrik zaude. Beraz, egunetik egunera saiatu behar zara zure burua motibatzen. Horretaz gain, gure kasuan, ez dakigu zertarako ari garen entrenatzen, dena airean dagoelako. Dena den, datorren urtean trainerua berriz uretan izateko lanean gabiltza.
Hala ere, nik dena daukat eskertzeko: gure entrenatzailea nire anaia Xabi zen, azken momentura arte hor egon da eta ez da egon hutsik egin duen taldekiderik ere. Gure arteko babesa da garrantzitsuena egun hauetan. Horregatik, astean bitan bideo deiak egiten ditugu batera entrenatzeko, izan ergometroarekin edo izan Youtubeko zumba edo aerobic bideoekin.
Taldeak jartzen dizkizue entrenamenduak edo zuen kabuz entrenatzen duzue?
Xabik entrenamendu batzuk prest utzi zizkigun, eta orain berriz moldatzen ari gara, kiroleko modulua ikasi duen taldekide baten laguntzarekin. Gure artean komentatzen dugu askotan, adibidez, taldekideren batek zuk baino lehenago entrenatu badu, gogorragoak egin zaizikion zatiak esaten dizkizu, eta abar.
Beste kirolariren batekin harremana izan duzu egun hauetan?
Ez dakit, aste honetan bilerak egitekoak dira. Denok nahi dugu erabaki bat hartzea, jakiteko zertarako entrenatzen ari garen, baina oso zaila da, ez dakizulako zer gertatuko den.