"Ekuadorren, jende gehienak beldurrez hartu du koronabirusa"
Mundukide kooperazio fundazioa munduan zehar dituen lankideak elkarrizketatzen ari da, beste herrialdetan koronabirusaren pandemia nola bizitzen ari diren jakiteko. Ekuadorren dagoen langile profesionala, Jon Arruti, donostiarra da, eta egin dioten bideo elkarrizketa fundazioaren webgunean dago ikusgai.
Arruti herrialdearen iparraldean garatzen ari da bere kooperazio proiektua, eta, pandemia heldu arte, hango eragileekin hitz egiten ari zen, nola funtzionatzen duten jakiteko eta nekazari elkartearekin batera lan egiteko. Koronabirusarekin, ordea, proiektua eten egin dutela azaldu du: “Gelditu egin da proiektua, ondo hitz egin ahal izateko jendearekin egon behar delako”.
Era berean, Arrutik adierazi du herrialde latinoamerikarrean, gutxi gora-behera, Italian eta Espainian baino astebete beranduago hasi zen koronabirusa heltzen, eta Ekuadorko herritarrek koronabirusaren inguruko albisteak ikaraz jasotzen ari direla nabarmendu du: “Ekuadorren, jende gehienak beldurrez hartu du koronabirusa. Orellanan, ni bizi naizen lekuan, oraindik ez dago kasu positiborik, baina herrialdean zehar badaude kasu batzuk, gehienak Guayaquilen. Beraz, jendea beldurrez dago. Denak etxean gelditzeko agindua eman dute, eta etxeratze agindua ezarri dute arratsaldeko ordubietatik goizeko bostetara. Jendea ahalik eta gutxien ateratzen saiatzen da”.
Koronabirusa dela eta, ezegonkortasun politikoa ere nabaritzen dela azpimarratu du Arrutik, eta, segur aski, hauteskundeak atzeratu egingo dituztela: “Pandemiaren aurretik, gobernuak neurri batzuk ezarri zituen legez, baina ez ziren onartu, eta pandemiarekin hori guztia airean gelditu da. Beraz, itxoiten ari gara pandemiaren ondoren nola geldituko den Ekuador. Bestalde, hauteskundeak hurrengo urteko otsailean izan behar ziren, baina segur aski ez dira orduan egingo”.