Etxean sortutako zabor kantitatea igo egin da konfinamendua hasi zenetik
Koronabirusa dela eta alarma egoera ezarri zutenetik, etxeetan sortutako zaborraren kopurua %13 igo da Donostian, udalaren datuen arabera. Hain zuzen, Miguel Angel Diez Herri Bideetako zinegotziak azaldu duenez, iazko martxoan 345.000 kilo zabor bildu ziren hiriko kontainerretan, aurtengo martxoan 390.000 kilo bildu diren bitartean (konfinamendua martxoaren 14an hasi zen). Igoera hori jendea etxean egotearen eta etxean bertan kontsumitzearen ondorio dela adierazi du Diezek.
Era berean, ostalaritza establezimenduak itxita daudenez, Parte Zaharreko atez ateko hondakinen bilketa asko jaitsi dela nabarmendu du udalak. Aldiz, tamaina handiko hondakinen bilketa %4 igo dela azaldu du Diezek, eta herritar ugari konfinamendua euren etxeak ordenatzeko aprobetxatzen ari direla ondorioztatu dute, behar ez dituzten objektu asko botaz, hala nola, altzariak.