“Guk ez ditugu lehengaiak saltzen, baina bai jendeari nolabaiteko goxotasuna ematen dioten produktuak”
Hunky Dory Laboratory Donostiako Zaragoza plazan dagoen lurrin denda txiki bat da. Perfume bereziak saltzen dituzte, adituak ez direnentzat ezezagunak diren markakoak, baita kosmetikoak ere. Maddalen Marzol dendako jabeetako bat da, eta Hunky Doryko beste jabe Eva Chartonekin batera, euren bideak bilatzen saiatu dira konfinamendu egoeran dendarekin aurrera egiteko.
Zergatik dira usainak bereziki garrantzitsuak konfinamendu egoera honetan?
Konfinamendu egoerak eguneroko plazer txikiez oraindik gehiago gozatzeko balio digu. Eromenezko erritmo batean bizi ginen, baina honek guztiak gelditzera behartu gaitu. Gure etxean sartuta gaudela, usaimena plazer iturri gisa erabiltzea oso onuragarria izan daiteke. Baina uste dut ez digutela erakutsi dastamenaz gozatzen dugun bezala usaimenaz gozatzentatzen. Dastamena erabiltzen irakatsi digute eta Euskal kulturan jateaz eta, bereziki, ondo jateaz, kutixiez, beti gozatu dugu.
Usainekin berdina pasatzen dela uste dut, ñabardura pila daudelako. Esaterako, kafe bat egitera goazenean, paketea hartu eta kontzienteki usaintzea plazer handia izan daiteke. Orain, kotxerik ez dabilenez, leihotik burua ateratzen baduzu, udaberri usaina dago eta zoragarria da. Ni Grosen bizi naiz eta itsaso usaina inoiz baino gehiago nabaritzen da. Eskura dauzkagun momentu txiki horietaz gozatzen usaimenak ere lagundu diezaguke.
Nola ari zarete lanean une honetan?
Denda fisikoa itxi genuen eta online ari gara, bai gure webgunetik bai sare sozial bidez saltzen. Zorionez online denda martxan genuen eta sare sozialetan oso aktibo gara. Jasotzen ditugun eskaerak prestatu eta bidaltzeko, astean pare bat alditan dendara goaz eta gure betiko mezulariak paketeak jaso bezain laster etxera itzultzen gara.
Ez da denda fisikoa irekita edukitzea bezala, baina gure lana egiten jarraitzeko, zerbait fakturatzeko eta gure burua hortan edukitzeko balio digu. Eta pozik gaude jendeak izandako erantzunarekin.
Nola egiten duzue segurtasun neurriak betetzeko?
Garbitasun arauak jarraitzen ditugu eta maskara erabiltzen dugu. Paketeak ezin ditugu eskularruekin bete, baina batetik bestera eskuak garbitzen ditugu eta mostradorea etengabe desinfektatzen dugu. Gainera, gure pakete guztiak perfumatuta doaz, eta hor pentsatu nahi dut alkoholak ere higienean laguntzen duela. Mezulariak ere segurtasun neurri guztiak mantentzen ditu.
Zer ari dira erosten bezeroak konfinamendu egoera honetan?
Guk ez ditugu lehengaiak saltzen, baina bai jendeari nolabaiteko goxotasuna ematen dioten produktuak. Hasieran, hau luzerako zihoala ikusita, aire-gozagarri eta etxeko kandela asko saldu genituen. Egun, zaintzeko denbora gehiago dugunez, kosmetika eskatzen dute —gorputzeko krema, xaboi bereziak— bereziki. Eta, noski, eskutako krema. Hainbeste garbitzeagatik, denok lehor-lehor ditugu eskuak. Dena den, perfumeak ere eskatzen ari dira. Batik bat freskoak nahi ditu jendeak, etxean egonda, gustura sentitzeko. Azken batean, uste dugu usainek biziago sentitzen laguntzen digutela. Usainekin jolasteko eta norberaren buruarekin apur bat gusturako sentitzeko une aproposa izan daiteke hau.
Nork egiten ditu eskaerak?
Betiko bezeroak dira nagusiki. Are gehiago, hasiera batean, denda itxi behar izateak guretzat suposatu dezakeena jakinda, betiko bezeroak ekarpen txiki bat egiten egongo balira bezala sentitu genuen. Gainera, izugarri hunkitu gintuzten mezuak jaso genituen. Bezeroek eskerrak ematen zizkiguten, baina guk sentitzen genuen mesedea guri egiten zigutela. Hala ere, sare sozialetan, batik bat, Instagramen, inoiz baino lan gehiago ari gara egiten eta jarraitzaile berri asko erakartzen ari garela nabaritu dugu.
Zer egiten ari zarete Instagrameko kontuan?
Hainbat egitasmo egin ditugu, baina zuzeneko istorioak dira arrakasta gehien izaten ari direnak. Lehenengoa, Barbara Goenaga aktorearekin egin genuen, eta jorratu genuen gaia izan zen etxeko usainak gozamen iturri bezala, eta usain horietaz kontziente izaten ikasteko beharra. Ondoren, Ana Goitia kazetariarekin beste bat egin dugu, non jolas baten bitartez, berak estilismo batzuk proposatzen zizkigun eta guk perfumea jartzen genien. Jendearen galderak erantzuteko zuzenekoak ere egin ditugu. Entretenimendu handia da guretzat, eta ikustea galderak egiten dizkigutela eta interesa dutela esaten dugun horretan, psikologikoki bultzada izugarria da une honetan.