Konfinamendu ondorengo egoeran lan egiten hasteko taldea sortu du udalak
Eneko Goia alkateak atzo jakinarazi zuen udalak talde berezi bat sortu duela, konfinamendu ondorengo egoeran, epe ertain eta luzean egin beharko diren egokitzapenetan lan egiten hasteko. Udaletxeko ekonomia eta finantza alorrekoek (Ogasuna) eta merkataritza eta sustapeneko alorreko (Sustapen) teknikari eta arduradunek osatzen dute talde berezi hau.
Egoerak, besteak beste, 2020ko eguneraketa eskatzen du, eta horretan ari dira. “2020ko aurrekontua ez da erabilgarria eta aurreikusitako zifrak egoera berrira egokitu beharko ditugu”, adierazi du alkateak, azpimarratuz “zuhurtziaz jokatzea ezinbestekoa dela”. 2020ko aurrekontu berria noiz jakinaraziko duten ez zuen zehaztu alkateak, baina uda baino lehen izatea espero dutela esan zuen.
Krisialdiaren eraginak bereziki pairatzen ari diren sektore eta kolektiboak kontuan izango dituzte aurrekontu eta neurrietan. Horien artean, merkataritza, ostalaritza eta turismoa aipatu zituen Goiak, hiriaren BPGan “gakoak” direlako. Are gehiago, Donostiako Udala dagoeneko Ostalaritza Elkartearekin eta Merkataritza Federazioarekin kontaktuan jarri da, Donostiako Udalak nola lagun diezaieken jakiteko. Era berean, gizarteko sektore desberdinetako beste zenbait eragilerekin ere hitz egingo dutela jakinarazi zuen.