LABek azalpenak eskatu ditu ertzaintzak eta udaltzaingoak Guardia Zibilaren kuartelean egindako omenaldiagatik
Sindikatutik kritikatu egin dute udaltzaingoaren presentzia omenaldian, eta azalpenak eskatu dizkiote Goia alkateari. Kuartelaren "historia beltza" gogora ekarri dute.
Larunbatean Guardia Zibilaren Intxaurrondoko egoitzan egindako omenaldira ertzaintzaren eta udaltzaingoaren zortzi ibilgailu gerturatu ziren, haien errespetua adierazi eta txalo egiteko, koronabirusagatik hildako bosgarren guardia zibilaren omenez.
Donostiako udaleko LAB sail sindikalak gogor kritikatu du udaltzaingoaren parte hartzea, eta esan dute ez dutela ahaztu “Galindo generalak zuzentzen zuen Intxaurrondoko kuartelaren historia beltza”.
Adierazi dute halako “omenaldi korporatiboak” antolatzea, eta horietan Udaltzaingoa, Ertzaintza, Polizia Nazionala eta Guardia Zibila kuartel horren inguruan nahasteak, asmo politiko argia duela: “gure historia hurbilean Guardia Zibilak eta Intxaurrondoko kuartelak izan duten historia ahaztea”, hain zuzen.
Sindikatuaren iritziz, udaltzaingoak ez luke horrelako ekimenetan parte hartu behar, “bere funtzio soziala ezberdina delako”. Eneko Goia alkateari galdegin diote, “ea jakitun zen Intxaurrondoko kuartelean prestatzen ari ziren ekimenaz, eta ea bera izan zen udaltzaingoko zuzendaritzari bertaratzeko agindua eman ziona”. LABen ustez, krisialdi egoera honetan ezinbestekoa da udalaren esku dauden giza baliabide guztiak herritarren zerbitzuan erabiltzea, “omenaldi ekimen propagandistikoak” egin beharrean.