Tamaina handiko zaborraren etxez etxeko bilketa eten egin dute
Emaus Gizarte Fundazioa tamaina handiko zaborraren etxez etxeko bilketa egiten ari zen, Intxaurrondon, Martutenen eta Loiolan, baina koronabirusa dela eta, bertan behera utzi dute zerbitzua. Herritarrek zakarretara bota behar zituzten gauzen berrerabilpena zuen helburu etxez etxeko bilketak, baina behin-behinean eten behar izan dute.
Horrela, aipatu auzoetako bizilagunek, gainontzeko auzoetakoen moduan, zabor edukiontzien ondoan utzi beharko dituzte zaborretara bota nahi dituzten tamaina handiko gauzak, 21:30etik 22:30era. Astelehen, astearte eta ostiraletan bota ditzakete objektuak mendebaldeko auzoetan: Parte Zaharrean, Erdialdean, Amaran, Amara Berrin, Antiguan, Aieten, Igaran, Ibaetan, Igeldon eta Miramonen, alegia. Ekialdekoetan, aldiz, astearte, ostegun eta igandeetan: Grosen, Egian, Intxaurrondon, Altzan, Herreran, Bidebietan, Loiolan, Txomiñenean, Loiolako Erriberan eta Martutenen, alegia. Etxeko altzariak, linea zuriko etxetresna elektrikoak, telebistak eta tamaina txikiko gailu elektrikoak utz daitezken zabor edukiontzien ondoan, baina ez obretako hondakinak, paletak, kristalak edo sanitarioak.