Zinema Eraikitzen saila antolatzeari utziko dio Donostiako Zinemaldiak
Donostiako Zinemaldiak iragarri du ez duela Zinema Eraikitzen saila antolatzen jarraituko. Toulouseko zinema jaialdian egiten jarriatuko dute, ordea. Donostiako Zinemaldiak work in progress berri bat sustatzea erabaki du, Latinoamerikako zinema laguntzea helburu.
Zinemaldiak eta Cinelatino, Rencontres de Toulouse jaialdiek elkarlanean sortu zuten Zinema Eraikitzen saila, 2002. urtean, Latinoamerikako zinema-ekoizpena babesteko helburuarekin. Postprodukzio fasean zeuden filmak bukatzen, banatzen eta ezagutarazten laguntzen zuen ekimenak, eta aitzindaria izan zen, antzeko formatuak sortu baiziren nazioarteko merkatu eta zinema jaialdi askotan.
Urtean bi deialdi zituen: lehena, Toulouseko zinema jaialdian, martxoan, eta bigarrena Donostian, irailean.
Zinema Eraikitzen sailaren ibilbidean, 18 urteotan hautatu diren 209 filmetatik % 95 amaitu dira. 114 Donostia Zinemaldian eskaini dira, eta 112 Cinélatinon. Behin amaituta, 106 nazioarteko zinema jaialdi ospetsutan hautatu dituzte: Cannes, Berlin, Venezia, Sundance, Locarno eta Rotterdamekoan, besteak beste.